Distira galdu dute luma hori eta urdinek

Amilotx urdina txori espeziearen bi zonatako populazioak azken hamabost urteetan izandako koloregabetzea aztertu du EHUk parte hartu duen ikertalde batek. Ikerlarien hipotesien arabera, litekeena da klima aldaketa izatea horren eragile nagusia.

Amilotx urdinak bere lumen kolore bizia galdu duela ikus daiteke argazkian. EHU.
unai etxenausia
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Duela ez urte asko zeukaten kolore bizia joan zaie. Amilotx urdina (Cyanistes caeruleus) espezieko txoritxoen koroa urdina eta bular horia ez da 2005ean bezain distiratsua eta bizia. Hamabost urtez lumajearen koloregabetzearen zergatia aurkitu nahian aritu ondoren, ikerketa talde batek hipotesi bat proposatu du: klima aldaketa izan daitekeela koloregabetzearen erantzule.

The American Naturalist aldizkari zientifikoan argitaratu duten Long-Term Decrease in Coloration: A consequence of Climate Change? artikulu zientifikoak amilotx urdinaren hainbatezaugarri aztertu ditu. 2005. eta 2019. urteen artean egin dute ikerketa EHUko eta Montepellierko CEFE Centre d'Ecologie Fonctionnelle et Evolutiveko zientzialariek. Lankidetzan aritu dira bi taldeak, eta oraintsu argitaratu dituzte ikerketaren ondorio nagusiak.

Frantzia hegoaldeko eta Korsikako amilotx urdinen bi populazio aztertu dituzte ikerketa egiteko. Espeziearen kolorazioari eta bestelako ezaugarriei buruzko 5.800 behaketa ohar baino gehiago lortu dituzte denera: «Hainbat gauza ikertu dira, baina beti kontrolatu dira zona horietako populazioak, oso baliotsuak baitira aldaketa ekologikoak aztertzeko», azaldu du David Lopez EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileak. Ikerketan parte hartu duten ikertzaileetako bat da Lopez.

1975. urtean hasi ziren amilotx urdinaren bi populazio horiek ikertzen. Txoriak harrapatu egin dituzte ikertzeko, eta gero askatu. Ikerketa metodoak ez du eragin nabarmenik haien ekosisteman edo populazioan. Lopezek ohartarazi du, halere: «Animalia bat harrapatzeak beti izango ditu ondorioak. Espezie honi dagokionez, ordea, apenas nabarituko den eragina, gero beren bizilekura itzultzeko gaitasuna daukatela frogatu baita».

Ez da estetikoa

Lurraldean aldaketaren bat gertatzen denean, adituek lau ondorio bereizten dituzte animalien populazioetan: aldaketa genetiko bat jasatea, aldaketa «plastiko bat» izatea —ezaugarri fisikoak aldatzea—, emigratzea edo desagertzea. Amilotx urdinari dagokionez, aldaketa plastiko batgertatu da, zehazki. Halere, aldaketa guztiak «elkarren artean lotuta» daudela ohartarazi du Lopezek.

Ez da aldaketa sinple bat. Lumajearen koloregabetzea aldaketa estetiko hutsa dela iruditu arren, espezie gehienek bezala, amilotx urdin guztiek ez dituzte ezaugarri berak, eta, beraz, lumajea ere ez da ezaugarri estetiko soil bat. «Lumajean kolore biziagoa daukatenek kalitate hobea daukate», azaldu du Lopezek.

Ezaugarri askori egiten die erreferentzia Lopezek kalitateaz hitz egiten duenean. Adibidez, ugalketarekin zuzenean lotuta ez badago ere, baliteke horrek lumajearekin «oso harreman estua» izatea, emeek erreferentzia gisa erabiltzen dutelako. Baina beste eragin batzuk ere izan ditzake, ikertzaileak adierazi duenez: «Lumen koloregabetzeak klima aldaketetara moldatzeko daukan gaitasunean eragin dezakeela uste dugu».

Uste dute klima aldaketarekin lotura daukaten bi faktorek eragin dietela txoriei: «Lumen kolore aldaketa tenperatura igoeraren eta prezipitazioen gutxitzearen ondorioa dela esan genezake», azaldu du Lopezek. Ikerketa hasi zutenetik 1,23 gradu igo da tenperatura bi eremuetan, eta batez beste 0,64 milimetro euri gutxiago egin du.

Amilotx urdinaren inguruko lau ikerketa daude martxan orain munduan, baina horietako bat ere ez hemen. Euskal Herrian erraz aurki daitekeen txori bat izanik, Lopezek uste du interesgarria izan daitekeela espezie horrek lurraldean izan duen bilakaera ere aztertzea. «Frantzia hegoaldeko eta Korsikako ingurunearen oso antzekoa da gurea. Hala ere, klima ez da berdina; hezeagoa da gurea. Hangoa, berriz, oso lehorra da».

Iraupena

Lumajearen aldaketak, ordea, ez dirudi eraginik izango duenik espeziearen iraupenean. Lopezi «dramatikoegia» iruditzen zaio desagertzeko arriskuaz hitz egitea. Halere, ez du ukatu etorkizunean hori gerta daitekeenik: «Lumen koloregabetzea ez da galzorian daudelako froga zuzena, baina hipotesiak badaude frogatzen dutenak etorkizunean gerta daitekeela».

Atzerrian edo Euskal Herrian ikertzen jarraituko du Lopezek. Ezin izan du frogatu amilotx urdinaren lumajearen koloregabetzearen arrazoia klima aldaketa denik. Hipotesiak hor daude: «Hipotesi garrantzitsuak ditugu. Horregatik, hipotesi horiei erantzun bat emateko ikertzen jarraitzeko motibatuta dago taldeguztia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.