Zazpi proiektu mausoleoa ordezkatzeko

Erorien Monumentua eraldatzeko lehiaketako zazpi finalistak aurkeztu ditu Iruñeko Udalak. Eraikina botatzea proposatu du batek

2. METAMORFOSIA.
jon ordonez garmendia
2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egin erabakitzeko prozesua bigarren fasean sartu da. Udalak atzo arratsaldean aurkeztu zituen zazpi proiektuak, Kondestablearen jauregian. Herritarrek hor bertan ikusi ahal izango dituzte martxoaren 7ra bitartean, eta, horrekin batera, euren ekarpenak egin ahal izango dituzte. Euskal Herriko eta atzerriko arkitektoek aurkeztu dituzte proiektuok.

1. PAUSOZ PAUSO

Egileak: Borja Gorostiaga Requejo, Nerea Aranbarri Kortabarria eta Aitor Acilu Fernandez.

Eraikina mantentzea eta «Nafarroako kulturari eta sanferminei» eskaintzea proposatzen du proiektu horrek. Eraikina mantentzeaz gain, absideari atxikita beste eraikin bat eranstea jarri dute mahai gainean arkitektoek, museoa egin ahal izateko.

2. METAMORFOSIA

Egileak: Jordi Comas Mora eta Anna Pont Armengol.

Hori da Erorien Monumentua osorik eraistea proposatzen duen proiektu bakarra, bai tenplua bera, baita alboetako arkuteriak eta pabiloiak ere. Eraitsitako eraikinaren materialarekin beste eraikin txiki bat eraikitzea proposatzen du, «oroitzapen gune poetikoa sortuz».

3. MEMORIAREN ZUHAITZA

Egileak: Jokine Crespo Garbisu eta Luis Beriain Sanzol.

Kulturari eta memoria historikoari eskainitako zentro bat jartzea proposatzen du proiektu honek. Erdiko tenpluak eta alboetako galeriek zein pabiloiak osatzen duten eraikin osoa mantentzen du. Gaur egun monumentuaren aldamenean dagoen Kristo Erregearen eliza lekualdatzea proposatu dute egileek, eta oinezkoentzako bide bat sortzea.

4. CIVITAS

Egilea: Oscar Mongay Jimenez.

Eraikina mantentzea proposatzen du proiektu honek ere, memoria historikorako gune batean txertatzeko. Arkuteriak kendu eta alboetako pabiloiak mantentzen ditu Civitas proiektuak. Tenplua mantentzen du, baina bakartuta. Monumentuaren atzeko aldean, tarte bat utzita, beste eraikin bat proposatzen du.

5. DENON ETXEA

Egileak: Jose Ramon Sierra eta Practica Sociedad Civil.

Proposamen horrek monumentuaren erdiko gunea mantentzen du, baita arkuteriak ere, eta alboetako pabiloiak eraikin berriekin ordezkatzen ditu. Eliza kentzea ekarriko luke horrek. Eraikinean erakunde publikoren bat sartzea proposatzen du, modu horretan monumentuari «beste esanahi bat» emateko.

6. HEGOALDEKO ATEA

Egileak: Tabuenca & Leache eta DOA Arquitectura.

Proposamen horren «balio didaktikoa» nabarmendu du epaimahaiak. Eraikina museo bihurtzea proposatzen dute egileek, baita aisialdirako programa alternatibo bat ere, baina zehaztu gabe. Galerien azpiko pasabide baten bidez lotuko lituzkete hiriaren hegoaldea eta zabalgunea.

7. WU

Egileak: Jose Manuel Rodriguez Peña, German J. Delgado Perez eta Ingenieria y Arquitectura Techne Proyectos enpresa.

Erorien Monumentuaren zati handi bat eraistea dakar proposamen honek ere, eta erdiko tenplua bakarrik mantentzea. Besteeraikin berri bat egitea ere proposatzen dute egileek. Liburutegi bat hartuko luke eraikin nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.