JIRA

Hamarretik hiruk

Angel Erro -

2019ko martxoak 19
Hamarretik hiruk baino ez dute Uxue Barkos ez den beste gobernuburu bat irudikatzen Nafarroan heldu den abuztuaren lehenerako. Zientzia demoskopikoari egin diodan ekarpen xume bezain hutsalaren arabera. 114 lagunek erantzun diote (guztiak nire edo Zaldieroaren Twitterreko jarraitzaile, Patxi Huarte izan delako nire inkesta zabaldu duen bakarra), ez nornahi, baizik eta nor uste duten izanen dugula hurrengo presidente. Aukerak lau ziren: Uxue Barkos, Javier Esparza, Maria Txibite ala Bakartxo Ruiz.

Ezuste bat baino gehiago hartu dut. Susmoa dut ni baino analista txarragoak direla inkestan parte hartzeko adeitasuna izan duten gehienak, eta nahia eta errealitatea nik baino gehiago nahasten dutela ere bai. Posibleagotzat jo dute Ruiz lehendakari izatea (%16), Esparza baino (%10). Navarra Sumaren agerpenak ez ditu emaitzak aldarazi. %3k baino ez dute uste PSNko Txibitek Urtaran bat egin ahal izanen duenik, Gaizka Arangurenek deitu duenez, edo Borgen bat. %87k (%71 gehi %16) beste lau urtez abertzale bat irudikatzen dute estatu-auzia den foru erkidegoaren buru. Nik neurea, neure burua, alegia, ez nuke eginen, badaezpada. Data iritsitakoan emaitzok berriz azalera ekartzeko konpromisoa hartu dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna