Angel Erro.
JIRA

Ilargia

2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
50 urte joan dira, ez alferrik, gizona ilargira iritsi zenetik (gizakia esan behar nuen, baina gizona ere ongi esanda dago); alferrik joan ez direla ere esan dut, baina ez da hala: gure satelitearen arruntasuna bertatik bertara egiaztatzeak ez dituelako ilargia gauero lapurtu nahi dizutenen kantak galarazi. Dena den, argi nabari da ordutik igaro den mende erdia.

Ordukoan, ilargia zapaltzea, makromatxismo erakustaldi bat izateaz gain, gerra hotzaren luzapen garestia izan zen; XX. mendearen historia, bere laburrean dagoeneko izugarria, erredimitzeko saioa; teknologiaren gurtzearen aldare edo mugarri ezartze urruna; garai performatikoaren gailurra.

Orain, beste gauza bat da. Nostalgiaren bazka, batez ere. Kultur ekoizkin askorekin gertatu bezala, revival edo remake batekin mehatxatzen duena. Zer zentzurik luke itzultzeak? Lehen emakumea hara bidaltzea aski arrazoi litzateke? Dagoeneko ez dirudi Lur planetaren B plantzat ere balio digunik. Urrunago landatu dugu utopia, Marten edo. Ilargia txikiegi gelditu zaigu.

Gainera (horri buruzko artikulu hutsal bezain luzeak argitaratu dira egunotan, gure arinkeria elikatzeko), ilargiari usain txarra dario, bertan egondakoek diotenez, bolbora errearen kiratsa. Gurean bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.