Angel Erro.
JIRA

Adinarekin jolas

2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Ez dago denborarekin jolastu eta onik atera denik. Aurpegi-argazki bat hartu eta, iragazki sofistikatu baten bidez, eraldatu egiten dizun aplikazioa deskargatu dut. Nire datuekin zer eginen duten beldurrari nagusitu zaio etorkizunari buruzko jakin-min arkanoa. Nire bisaia zaharturik edo gazteturik ikustearen jolasari beste batzuek, arriskutsuagoek, jarraitu diote.

Norberarena baino gatazkatsuagoa izaten da maitasunak denborarekin duen harremana. Nire bikotekidearen eta bion argazki bat aukeratu eta gure betirako promesen eremura eraman ditut geure buruak. Mingarria da zimur eta ile urdinez jositako begitarte horietara iristerako bide malkartsua, balizkoz betea, irudikatzea. Kontrako norabideari ekin diot eta, errealismoa zio, beste argazki bateko gu-ri elkar ezagutu baino lehenagoko gaztetasun distiranta eskaini diot. Are mingarriagoa egin zait inoiz eduki gabekoa galdutzat jotzearen zorabioa.

Maitasunaz gehiago erakutsi dit aurpegi-ezagutzaren goi-teknologia poliziala jendarteratzen duten argazki pare batek John Donneren poema batek baino. Aski ez banu bezala, ama zena ekarri dut gaurkora, zahartzarora. Gero, Euskal Herriko maparekin saiatu naiz; ez diot parte oneko iritzi emaitzarik ez agertzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.