Angel Erro.
JIRA

Protokoloa

2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Soldaduen arma-ikuskatzea protokolozko ekitaldia izaten da. Aurreko astean Ingalaterrako erreginak eta AEBetako presidenteak egindakoak eman du zer esan apurra. Protokolozko kontuetan desbideratzerik txikienak atentzioa ematen du, onerako (humaniza dezake handikia) edo txarrerako (irrigarri utzi). Trumpen eta Windsorren arteko kokapen nahasmen txikiaren errua lehenari egotzi zaio, ohituraz, nahiz eta berez erreginarena (eta guardiaren ofizialarena) izan. Erraza zen tronpatzea. Ez da logikoagoa zakarkeria eta jendetasunik eza jokabide ofizial bilakatu dituenak monarka (adineko) batekin begirunerik gabe jokatzea? Bada esaten duenik horrelako portaera presidente hautetsi duen gizarte zatiarekiko itun erakusgarria dela. Estimatzen diote botere formalarekiko adeigabe jardutea, behe klasearen mendeku gisa.

Hau erabili dut buruan Errusiako Munduko Koparen finalean Macron Frantziako selekzioaren garaipena buruzagien oholtzan nabarmenki ospatzen ikusi dudanean. Garai batean oso lekuz kanpokotzat joko litzatekeen jarrera. Eta hor dugu, nor eta orain gutxi errepublikako presidenteari hika egiteagatik mutiko bati errieta egin diona, hika egiten mundu osoari. Itsustu zaio, baina ez sobera. Bera ere hautesleriari ari zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.