JIRA

Euskara pribatu

Angel Erro -

2018ko irailak 8
Publikoa eta pribatua ongi bereizteko arazoak izaten ditu eskuindarreko jendeak oro har; nahasketa bigarrenaren alde makurtuta beti. Berriro hala dela frogatu du Ana Beltran PPko nafar ordezkariak. Gu bion arteko solasbide pribatu batean berari euskaraz ez egiteko eskatuko balit, edo ia eskatu gabe, nik ikusiko banu ulertzen ez nauela, ez nuke trabarik jarriko eta istantean erdara ederrean hasiko nintzaioke (zerrenda bakarraren kontuan aldarrikatzen ari garen bezala, Iruñerriko euskaldun guztiok erdaldunak ere bagara, onerako eta txarrerako).

Ziur naiz hala egiten diotela nafar parlamentuko kide elebidun guztiek ere. Baina Beltran haiei (eta guztien erakundeari) eskatzen ari zaiena ez dagokio esfera pribatuari, arlo publiko edo instituzionalari baizik. Eskatzen ari dena ez da ez dakienarekiko gizalegea, hizkuntzaren ofizialtasuna oztopatzea baizik. Ofizialtasunak, ohartuko zineten hitzean berean, arlo publikoa dakar berarekin.

Euskarafobo hitza ez dute maite euskara pribatu, etxe-zokoko, nahi dutenek, plazatik, erakundeetatik kanpo ikusi nahi dutenek. Gizalegez beste bat bilatu beharko bagenie, euskararen pribatizazio zalea proposatuko nuke.

Euskara publikoa defenda dezagun.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna