Angel Erro.
JIRA

Ogia eta arraina

2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Ez esan ez dela dibertigarria ohiko aliatua izan duten elizaren goi agintarien kontra haserre argudiatuta ikustea hainbat jende. Niri behintzat irribarrea atera zait Juan Ramon Rallo ekonomista eta telebistako tertulianoa Jorge Bergoglioren sermoitxo baten aurrean nahasita ikustean. Nik lehenago leitu dut erantzuna, aita santuak zer esan duen baino. Ereduzko neoliberalak aurpegiratzen dio «oparotasuna biderkatu beharrean pobrezia birbanatzea» hobesten duela.

Jarraian, jakin-minak piztuta, entzun ditut papa Frantziskorenak. Ebanjelioen pasarte bat iruzkindu du esanez ogi eta arrainen mirarian inon ez dela «biderkatu» aditza erabiltzen, «zatitu, eman eta banatu» baizik. Egiaztatu dut, nire buruan ere «biderkatu» aditz fantasma agertzen zitzaidalako, hain sakon ditugu hainbat ideia barneratuta.

Ereduzko neoliberal haserreak, bere dogma ekonomikoak erlijioaren babes latentea galduko duen izuak hartuta (baina nik horretan lasaituko nuke), ez dio erreparatzen, argi gelditzen ari denez, baliabide mugatuak dituen planeta batean gaudela eta logikoagoa dirudiela dagoen (ogi eta arrain) horiek justuki banatzeak, ugalketa azkengabean sinesteak edo sinetsiarena eginez arrain guztiak berak kudeatzeko eskatzeak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.