CNMCk arrazoia eman dio Euskalteli, eta 8,5 milioiko zigorra jarri dio Telefonicari

Eusko Jaurlaritzaren 2015eko konkurtsoan prezio merkeegiak eskaini izana egotzi dio Lehia batzordeak. Telefonicak errekurtsoa jarriko du

Telefonicaren erakuslekua Bartzelonako Smart City kongresuan, artxiboko irudi batean. QUIQUE GARCÍA / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak bere telekomunikazio zerbitzu gehienak adjudikatzeko konkurtso publikora deitu zuen 2015aren amaieran, eta Telefonicari eman zion 2016ko urtarrilean. Aurreko hamalau urteetan Euskaltelek eman zion zerbitzu hori Gasteizko administrazioari, eta euskal konpainiak berehala jarri zuen salaketa CNMC Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean, Telefonicaren kontra. Batzordeak, atzo, arrazoi eman zion Euskalteli, eta 8,5 milioi euroko zigorra ezarri zion Telefonicari, lehia librearen kontra jardun izana leporatuta.

«Hobetu ezinezko prezioak» eman zituela adierazi du lehia batzordeak, sektoreko araudiaren kontrako prezio deskontuak eskaini zituela. Horixe bera salatu zuen Euskaltelek, Telefonicak lehiaketa publikoan egindako eskaintza ekonomikoa ezin zela hobetu, baldin eta telekomunikazio konpainia batek horrelakorik egin nahi izan balu banda zabaleko eta alokatutako linea terminalen handizkako merkatuetako arauak betez.

Gauza bera ondorioztatu du CNMCk ere, Euskaltel bezalako operadore efiziente eta jeneralista batek, sare propioa izanda ere, ezingo lukeela eskaintza hobetu. «Hau da, operadore batek galerak izango lituzke [Telefonicaren] eskaintza hobetzen ahaleginduko balitz».

Jose Maria Alvarez-Palletek gidatutako konpainia ebazpenaren kontra agertu da, eta iragarri du helegitea jarriko diola. Bi hilabeteko epea dauka auzi errekurtso bat jartzeko Espainiako AuzitegiNazionalean.

Milioi bat euro gutxiago

Halaxe egingo du Telefonicak, uste duelako lehia batzordearen ebazpena «legez kanpokoa» dela, eta «bidegabea». Era berean, Espainiako multinazionalak gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak hasieratik baztertu zuela Euskaltel lizitazioan, ez zituelako betetzen baldintza teknikoak.

Jaurlaritzak hainbat sortatan egin zuen telekomunikazioko eskaintza publikoa, eta 1.sorta zen 1.570 eraikinen artean —ospitaleak, bulegoak, eskolak...— datuak transferitzeko. Euskaltelek orduan aitortu zuen ez zeukala modurik zerbitzu hori eskaintzeko 120 inguru eraikinetan. Beraz, Jaurlaritzak baztertu egin zuen Euskaltel, eta, ondorioz, Telefonica izen 1. sortako kontratura aurkeztu zen bakarra. Lau urterako kontratua zen, urtero zazpi milioi euroren balioarekin, eta urtebete luzatzeko aukerarekin.

Lehiakiderik egon ez zenez, Telefonicaren esanetan, ezinezkoa da bere jarrerak lehiakideren bati kalte egin izana. «Alderantziz, Telefonicaren jarrerak eragin positiboa izan zuen merkatuan, hari esker Eusko Jaurlaritzak aurreratutako telekomunikazioak baitauzka, kalitate handikoak eta merkatuarekin bat datorren prezioan», nabarmendu du konpainiak. «Bestela, eskaintza publikoa adjudikatu gabe geratuko zen».

Lehia batzordeak, 8,5 milioi euroko zigor ekonomikoa ezartzeko orduan, arau hauste administratibo «oso larritzat eta izaera kaltegarrikotzat» jo du Telefonicaren jokaera. Hala ere, hasieran proposatu baino milioi bat euro apalagoa izan da zigorra. Izan ere, CNMCk uste du Telefonicak ez duela behin eta berriz araua hautsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.