Bortxa matxistako kasuetan zaintza partekatua ukatzeko bidea ireki dute

EH Bilduren ekimenez, zaintza partekatuaren legea erreformatzen hasiko da Eusko Legebiltzarra. Haurren eskubideak lehenetsiko dira

EAJ, PP, EP, EH Bildu eta PSEko ordezkariak, atzo, ekinbidea aztertzen. J.F. / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Zaintza partekatuaren 2015eko legea berriro berrikusiko du Eusko Legebiltzarrak, indarkeria matxistarengatik auzipetutakoei seme-alaben zaintza ukatzeko. EH Bilduk eraman du lege proposamena legebiltzarrera, eta ia erabateko adostasunez egin du aurrera: EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu dute, eta PP abstenitu egin da. Voxek kontra bozkatu du.

2015eko ekainaren amaieran onartu zuen Eusko Legebiltzarrak zaintza partekatuaren inguruko legea. Testu hura aldatzeari ekin zioten joan den legealdian, baina aurtengo uda baino lehen tramitazioa eten behar izan zuten, hauteskundeengatik. Erreforma berriro tramitatzeari oniritzia eman zion atzo legebiltzarrak. Helburu argia du testuak: legeak propio jaso dezala zaintza partekaturako eskubidea ukatu egingo zaiela indarkeria matxistarengatik auzipetutako gurasoei. Zaintza partekatua ukatzeko ez ezik, bortxa matxistagatik auzipetuta dauden gurasoei seme-alabekin komunikatzeko eskubidea kentzeko ere baliatu nahi dute legea. Horixe dio EH Bilduren testuak.

Lege proposamena aintzat hartuta, tramitatzeari ekingo dioteorain, eta haren gainean zuzenketak egiteko era izango dute taldeek. Testua findu behar dela uste dute Vox ez gainerako taldeek, baina legearen birmoldaketaren muinean bat datoz: adingabeen eskubideak erdigunean jarri behar dira. Legeak emakumeak ez ezik haurrak ere babestu behar dituela nabarmendu zuen atzo EH Bilduko Oihana Etxebarrietak: «Haurrak ere indarkeria matxistaren biktima zuzenak dira». Ados agertu ziren Vox ez beste alderdi guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.