Angel Erro.
JIRA

Bizantziarrak

2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Willy Toledo aktorea atxilotzeko agindu du epaile espainiar batek. Bazterrak nahasi ditu. Eztabaidaren adar bat, adar bizantziar bat, atxiloketa eskaeraren kausara lerratu da. Batzuek beste batzuei itsusitu diote katolikoen sentimendu erlijiosoak iraintzeagatik (bai, hori delitua da Espainiako erresuman XXI. mendean) atxilotu nahi dutela zabaldu izana, benetako arrazoia delitu horregatik (Espainiako erresuman, XXI. mendean) epaitu behar duen epailearen aurrean agertu ez izana denean berez. Luze entretenitu dira bizantziarrak eztabaida alferrikako horrekin, adibideekin irudiztaturik. Esaterako, tabakoak ez du inor hiltzen, tabakoa erretzeak baizik. Tabakoa erretzeak ere ez du inor hiltzen, konbustioaren osagai kaltegarriek baizik. San Tomas Akinokoaren lehen kausa kausarik gabekora arte, Espainiako Justiziak iraintzat hartuko ez balu, inoren sentimenduak minduko ez balitu.

VII. mendeko Bizantzion, arabiarrek setiaturik, eztabaidagai zuten teologoek jauregian (eta omenak dio, baita barazki saltzaileek ere merkatuan), adibidez, Jesukristo, bere aitaren eskuinean bai, baina nola ote zegoen, eserita ala zutik. Orduan eta orain horrelakoak gertatu bitartean, ez ikusi egiten zaio funtsezko arriskuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.