Angel Erro.
JIRA

Egunero hasten

2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
David Sassoli Europako Parlamentuko presidentea bat-batean hil eta ordezkoa hautatu behar izan dute europar parlamentarien artean. Aukeratuaren izena ezagutu dut Annie Ernaux-en Gertakizuna irakurtzen ari naizela. Idazleak 1963-1964an bizi izandako abortu baten kronika zorrotz eta zehatzak hasieran Ramon Saizarbitoriak pixka bat beranduago girotu eta idatzitako Egunero hasten delako eleberriarekin lotzera eraman nau. Pozten nau lotura hau euskarak ahalbidetu didalako. Bigarren lotura gaurkotasunak eskaini dit.

Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidente berriaren autobiografia politikotik gehien nabarmentzen dute abortuaren kontrako bere jarrera. Ni baino gazteagoa da Metsola. Sozialisten botoak ere jaso behar izan ditu, liberal, popular eta ultrakontserbatzaileenekin batera, kargura iristeko. Harritu beharko nuke?

«Egunen batean emakumeek libreki abortatzeko eskubidea izango zutela imajinatzeko erabateko ezintasuna» aipatzen du Ernauxek bere gazte garaiko ikuspuntua emanez. Hamabi urte beranduago Frantzian abortatzea despenalizatu zuen ministroa ere, gerora Europako Parlamentuko presidentea izandako Simone Veil, bere ordezko urrun nor jarri duten imajinatzeko erabateko ezintasunean ibiliko zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.