Angel Erro.
JIRA

Botak jantzita hil

2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Esaeratsu edo esakunezale nabil azkenaldian. Atzokoan Agamenon eta haren txerrizaina aipatu, gaur eguraldi larritasunaz idaztera jarri eta inpentsan etorri zaizkidan lehen hitzak «botak jantzita hil ziren» izan da. Badakit film baten izenburua dela, baina senak esaten dit lehenagotik datorren adierazpidea dela; edozein kasutan, gerora erranairuaren estatusa erdietsi du. Beste kontu bat da behar bezala erabiltzen dakigun edo dakidan.

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen Idazkari Nagusiak, ez ingurugiroaren militante zahar edo gazte batek, esan berri du ultimatum tonuaz: «Aukera bakarra dago. Ekintza kolektiboa edo suizidio kolektiboa. Gure esku dago». Bakoitzak zer aukeratuko lukeen erraza da asmatzen. Baina asmatuko genuke kolektiboki, gizarte moduan, zeren alde eginen dugun. Ni ez naiz batere baikorra. Ikusiak ikusi eta ezikusiak susmatu.

Hau buruan etorri zait botak jantzita hil eginen garelakoa (edo irudi belikotik zezenzalera pasatuta, «ate handitik joanen gara»). Berez, ohoreari dagokion irudia da, zailtasun handi bati aurre egiten dion balentria heroiko bati. Gaizki darabilt, beraz. Gure balentria «antz-azturak hobiraino» gordetzea izanen baita, damurik ibili arren banaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.