JIRA

Etika irakasle

Angel Erro -

2018ko uztailak 14
Nire garaian, goizago ala beranduago, filosofia irakasleak arazo etiko bat planteatzen zigun, eskolan (luze) eztabaida genezan, trenbideari lotuta zeuden bahituei buruz, urrutiko heriotza eraginen lukeen botoiei buruz edo urperatzeko zorian ziren itsasontziei buruz. Antzeko sentsazioa eragiten didate egunotan Thailandiako umeak leizetik salbatutakoan Mediterraneoan hiltzen diren milaka umeak aipatu eta batzuk ala besteak salbatzeko aukera gure esku balego bezala hitz egiten digutenek.

Askotan horrelakoak termino horietan galdetzen dizkizuten berberak, gero, oso analista zorrotzak izaten dira gauzen atzeko kausa politikoak identifikatzen. Eta horra noa ni. Hortxe dago koxka. Migrazioaren atzean, pertsonak heriotzatik salbatzeko auzi etikoaz gain, arazo politiko bat dago, eta ez nolanahikoa, mende honetako Europaren gai zentrala bihurtzeko bidean dena, klase borrokaz harago ezker-eskuin ardatza birdefinitzen ari dena.

Tranpa egiten diogu geure buruari, nik neuk barne, abstraktuan hitz egiteko plantak eginez; hemen ere, esaterako, euskararen bazterketa egoerarekin, argudio arrazionalak pilatuz, funtsean beste lehia bat, kontu etikoez oso bestelakoa, dialektikoki lohitua, denean funtsean ebazten ari dena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna