JIRA

Non zeunden?

Angel Erro -

2018ko irailak 4
Nik ere ikusi dut britaniar kazetari bat britaniar lehen ministroa estuturik, Hego Afrikan egindako bidaia ofizialean, Nelson Mandelarekiko jarrera hipokrita eta kontraesankorraz galdekatzen. Irudiak hedatu dituzten gehienek kazetariaren zorroztasuna goraipatu dute, hemen horrelako jarrera profesionala zein ezohikoa den seinalatuz. Baten batek, Kataluniako preso politikoak direla kausa, etorkizun ez urrunegi batean gerta daitekeen egoera antzekoa irudikatu du. Nire inguruan behintzat inork ez du Teresa Mayren gerri falta aipatu (ez naiz bidaia berberean Mayk egin dituen dantza arritmikoez ari). Erantzun iheskorrak eman ditu Michael Crick kazetariak Nelson Mandela espetxean egon bitartean «non zeunden» galdetu dionean.

Guztiok ditugu lotsaraz gaitzaketen geure «non zeunden» partikularrak. Haiekin (eta geure buruarekin) negoziatzeko biderik onena haiek onartu eta bietako bat aitortu: geu aldatu garela (iritziaz) edo mundua dela aldatu dena (onargarriaren lerroa tokiz mugituz). Bigarren kasu usuago honetan ezin gara geure buruaz harroegi agertu, azken finean taldekoi hutsak garela salatuko gintuen, baina ezta May bideoan agertzen den bezain asaldatua ere. Barkamen eskea ere irtenbide duina litzateke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna