Angel Erro.
JIRA

Azukre gehiago

2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako gaurkotasunak glukosa kopuru handia eskatzen du, burmuinak eutsiko badio. Tira, nik behintzat ezti dosi bikoitza behar dut kafean paratu, burua lehertuko ez bazait eguneko notiziei, zentzugabekerien goraldi gainantzeztuari, begira. Alderdien arteko bitartekari edo kontari edo dena delakoa egoteko aukerak bazterrak ezin sinetsi ahalako punturaino nahasi ditu, Sanchez presidentea nazioari goi traizioa egiten ari zaiola salatzeraino oposizioko liderrak. Iganderako manifestazioa deitu dute; Vox edo UPN gehitu dira akelarrera. Espainia saltzen ari direla salatuz nazioarteko komunitatearen arreta piztuko dute, horretarako propio bideratutako beste edozein ekimenek baino eraginkortasun handiagoaz, bitartekaritza baino gehiago behar duela pentsarazita kanpoan. Horra paradoxa ederra.

Logikak eskatuko luke (txantxetan inork esan duenez, txantxatik gutxi duen arren) hor bildutako alderdien buruetako batek (edo hirurek batera, halako triunbiratu batean) bere burua Espainiako «presidente enkargatua» izendatzea manifestazioaren erdian. Sanchezek agian zortzi eguneko epea emanen lioke bere buruari presidente berria onartzeko. Ez dut etxean azukre nahikoa hurrengo egunetan datorrenari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.