JIRA

Sebastian

Angel Erro.
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Ezustea hartu dut egiaztatzean dagoeneko idatzi dudala (orrialdeotan) Josep Borrell ministroa hainbeste haserrearazi duen elkarrizketaren egileari buruz. Kasualitate handitzat hartu dut. Haren beste elkarrizketa bat aipatu nuen, iazko martxoaren 8ko zutabean. Nina Simoneri egindako bat, hain zuzen. Orduko hartan (1999an; bideoa Youtuben dago) Simonek, berez suminkorra bazen ere, ez zuen, Borrellek bezala, galderekin suminduta elkarrizketa erdian utzi eta altxatzearekin mehatxurik jo. Kontrara, hitz adeitsuokin agurtu zuen Tim Sebastian kazetaria: «Thank you, Tim Sebastian; you have the same name as Bach, my first love» [Eskerrik asko, Tim Sebastian, Bachen izen bera daukazu, nire lehen maitasunarena]. Hau ere kasualitate izugarritzat hartu dut, gaur zertaz idatzi erabaki bitartean Johann Sebatian Bach jarrita neukalako aspaldi handiko partez; 66. kantata, hain zuzen (Philippe Herreweghe eta Ganteko Collegium Vocaleren bertsioan). Irabazten aterako zinen, irakurle, zutabe hau hementxe utzi eta kantata hori bilatzera altxatuko bazina oraintxe. Tamalez, «like the basques did», prozedura osoa bete behar dugu, konstituzionalki, azken hitzetaraino, hemendik, Borrellek ordezkatzen duen horretatik edo nigandik ere huts betea besterik espero ez daitekeela jakinda ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.