Angel Erro.
JIRA

Guztien alkatea

2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Nik ere ez nituzke Pirritx, Porrotx eta Marimotots kontratatuko. Ez dut pailazoez disfrutatzeko adinik, ezta ume txikirik ere familian. Aukera gehiago dago boy bat edo soka laukote bat kontrata dezadan. Baina (argitu behar banu) ni ez naiz Iruñeko alkatea, ezta beste inongoa ere, eta kudeatzen dudan aurrekontua nirea da soil-soilik, zorrak ere soil-soilik nireak diren modu berean. Kudeatzen den dirua publikoa denean, ezin dira pertsona bakar baten gustu eta aurreiritzi politikoak irizpide izan. Iruñeko alkateak hala aritzen dela aitortu du; kontratu gaizki osatuaren desenkusa albora utzi eta zuzenean adierazi du bera alkatea den bitartean Iruñeko Udalak ez dituela Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak kontratatuko, ezker abertzalearen ingurukoak omen direlako. Horrek izen bakarra du. Zentsura ideologikoa.

Agintearen makila hartzean alkate guztiek, honek ere bai, herritar guztien alkatea izanen direla iragarri ohi dute, botoa haiei eman ala ez, edozein ideologiatakoak direla ere. Lehenago susmatu, orain badakigu Maiak gezurra esan zuela. Gaur bertan euskararen ordenantza berria onartuko du guztien alkatea izan nahi omen zuenak, baina, berez, gero eta iruindar gehiago bazter uzten ari denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.