Angel Erro.
JIRA

Errege Magoak

2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Olentzerok badu (eman diote) emaztea edo neska-laguna. Errege Magoek ez dakigu zer duten. Txikitan uste nuen (edo sinetsarazi zidaten) Ekialdean uzten zituztela emazteak, erreginak. Nire garaian ez zen haratago joaten.

Gaztelaniaz hitz egiten dutela ere gauza jakina da. Euskaraz ere entzun ditut, baina nire helduaroan, eta ez etorri handiarekin. Beharbada gurean egiten dituzten agerraldietan, Eneko Sagardoiri Gasteizko Printzipal antzokian gertatu bezala, jendarteko norbaitek garrasika gaztelaniaz egiteko exijituko ote dien beldur dira.

Azkenaldian bi iruzkin oso egoki irakurri ditut. Bat, azken honi buruzkoa: Asier Basurto Arrutik esan duenez, Printzipal antzokian gertatutakoa ez da euskararen kontrako erasoa (hitz potoloek perspektiba galarazten digute), euskaraz komunikatzen diren pertsonen kontrakoa baizik, bota dituen aktorearen eta jasotzen dituen publikoaren aurkakoa. Bigarrenak Errege Magoekin du zerikusia. Baina berdin balio du Olentzerorentzat ere. Ez dakit nori leitu diodan: berez ankerra da umeak mehatxatzea gaizki portatuz gero oparirik gabe gelditzearekin, inoiz betetzen ez den txantaje zinikoa, ez baitago bere esker on kuotarik gabe gelditzeko prest dagoen errege mago edo olentzerorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.