JIRA
Lagun negazionista
Badut lagun bat, negazionista dena. Berak uko egiten dio, ezin bestela. Berez ez da nire laguna, nire mutilarena baizik. Agidanez, ni ere pixka bat negazionista izan naiteke. Aurreko astean juntadizoa egin genuen Lavapiesen, bera Sarajevotik etorri berri, eta ni asko dibertitu nintzen zenbat gai konspirazio berean elkarlotu ahal zituen ikusita.
Dibertsioak iraun zidan gaixoa bere burua putinista izateko akusaziotik zuritzen ikusi nuen arte, bere (benetako) lagunen aurrean. Saiatu nintzen solasbidea desbideratzen. Lortu nuen bakarra beste guztiak gaiaz aldatzea izan zen, lagun negazionistak eta biok ia ahapeka gure artean hizketan jarraitu bitartean. Tarteka talde handiko batek oraindik kontu berarekin ari ginen galdetzen zigun, hitz bat edo beste airean harrapatuta. Gu ezezka hasten ginen, noski.
Irudipena izan nuen biok antzeko gauzak irakurtzen ditugula, baina ondorio ezberdinetara iritsita. Gure mesfidantzek ez dute elkarrekin zer ikusi handirik, bereek fidantzia sendo bihurtzeko duten joeragatik-edo. Une batean esan zidan «zuekin euskaldunekin hitz egin daiteke gauzez behar bezala». Hortik jo, baina berehala egiaztatu nuen ez zela Espainiaren negazionista bat. «Euskaldunekin eta nafar batzuekin ere».
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.