Pastor
DARWIN ETA GU

Zipaioak Bartzelonan

2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Biolentzia heldu da Bartzelonara, preso politiko independentisten aurka kaleratutako epaiaren ondoren. Sutan ikusi ditugu kaleak, autoak, edukiontziak. Madrilek indarkeria gaitzesteko eskatu dio Quim Torra presidenteari. Noren indarkeria, baina?

Izan ere, lehenago beste eraso batzuk izan dira aireportuan eta hirian. Jendea gupida gabe jotzen ikusi dugu polizia espainiarra. Katalunian debekatutako munizioa erabili du. Gazte batek begia galdu du; beste batek, barrabila. Espainiako Gobernuko inork gaitzetsiko ote du gehiegizko eta legez kanpoko biolentzia hori?

Polizia Nazionalarekin batera jardun dute mossoek, gogotik jardun ere. Polizia autonomiko moduan aritu dira, Madrilek inposatutako arauei men eginda. Polizia katalanak herritar katalanak egurtzen, Espainiaren bidegabekeriaren aurka altxatu direlako. Anthony Burgessek eta William Boydek Erresuma Batuaren kolonietan girotutako zenbait nobela edo ipuinetako pertsonaiak gogorarazi dizkidate: metropoliaren mendean hazi eta hezitako funtzionario esanekoak, azkenean botere horren aginduetara makurtuak, Kiplingek deskribatu zuen India kolonizatuan gertatzen zen moduan. Guardia Zibila eta Polizia Nazionala polizia koloniala direla adierazi du Oriol Izquierdo idazleak. Mossoak polizia kolonial horren kolaboratzaile agertu dira aste honetan. Zipaio. Zipaio lana egin dute, Indian inperio britainiarraren mendeko militar haiek egiten zuten bezalaxe.

Okupazio indarretako kidea Jaen edo Zaragozakoa denean, ondo identifikatzen du natiboak. Ordea, zer esan Mollerussako mossoak Balaguerko herritar bat jotzen duenean? Zer gertatzen da Igorreko ertzain euskaldunak —bere burua abertzaletzat duenak— Dimako euskaldun independentista bat jipoitzen duenean? Jasser Arafat Ramalan setiatuta zegoen garaietan Palestinara eginiko bidaian Hebrongo herritar batek galdetu zidana etorri zait burura: «Zer gobernu mota duzue euskaldunok, euskal polizia herritarrak jipoitzera bidaltzen duena, Madrilen lege eta aginduei segituta?».

Katalunian oraingo biolentzia gaitzesteko eskatu diote Torrari. Hemen, lehenagoko biolentzia gaitzesteko eskatu dio berriki Iñigo Urkullu lehendakariak ezker abertzaleari. «Hainbeste kostatzen da hiltzea txarto egon zela esatea?», galdetu du. Bai, jauna: batzuei asko kostatzen zaie hori esatea; beste batzuei testuinguru historiko jakin batean borroka mota guztiak erabiltzea zilegi izan daitekeela esatea bezainbeste koskatzen zaie. Ez gehiago, ez gutxiago.

Ezker independentistari miseria morala egotzi diote zenbait hedabidetan. Hala hasiz gero, zer esan, bada, beste aldekoei buruz? Zeren eta miseria morala, koldarkeria behar baita, Nelson Mandelari edo Pepe Mujicari inoiz eskatu ez zietena —ez batak ez besteak sekula ez zioten ukorik egin iraganeko borroka armatuari— hemengoei eskatzeko. Erorien Haranean lurperatutako diktadorea bonba baten ondorioz hil balitz, hori ere txarto egon zela esateko eskatzen izango genituzke geure bakezaleak hemen. Baina Mandelak sortutako erakunde armatuak, Umkhonto we Sizwe zeritzonak, Pieter Botha erregimen arrazistako burua akabatu balu, edo Mujicak beste lagun batzuekin batera eratu zuen talde gerrillari tupamaroak Juan Maria Bordaberry diktadorea hil balu, ez zuten adorerik izango bi buruzagi horien aurrean «hiltzea txarto egon zen» esateko. Alderantziz: haien bidea goratu dute, kritikarik txikiena egin gabe. Miseria morala? Norena? Kanpoko garailearen aurrean tontotu, eta gurra. Barrukoez-garailearen aurrean harrotu, eta egurra.

Asteazkenean herritik Bartzelonara joan ziren Neusen seme-alabak, manifestazioan parte hartzeko. 21 urte ditu mutilak; 18 urte bete berriak neskak. Hiriburuko Etorbide Nagusian komuneko papera jaurti zuten, CDRek kaka asko dago garbitzeko leloaz poliziaren errepresioa salatzeko egindako protestan. Neus urduri zegoen. Mezua bidali zion semeari, ezer gertatu zitzaien jakiteko. «Ondo nago, ama. Hamabietan hartuko dugu trena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.