Negoziatzen jarraituko dute

Kaledonia Berriko Gobernua bigarrenez saiatu da presidentea hautatzen, baina huts egin du

Gobernuko 11 kideak; ezkerretik hirugarrena da Hnepeune, eta bosgarrena Mapou. KALEDONIA BERRIKO KONGRESUA.
ander perez zala
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Noumeako Akordioa 1998an sinatuz geroztik lehen aldiz, gehiengo independentistako gobernu bat dute Kaledonia Berrian, baina Frantziatik ateratzearen aldekoen arteko adostasunik ezak atzeratu egin ditu presidentearen eta presidenteordearen aukeraketak. Koalizioa bigarrenez elkartu zen atzo gobernuburua hautatzeko, baina oraingoan ere inork ez zuen gehiengorik lortu; independentistek, halere, uste dute ados jarriko direla, eta horregatik eskatu dute denbora gehiago negoziatzen jarraitzeko.

Atzoko bozketan hautagai berberak aurkeztu ziren: batetik, AEC Etorkizuna Konfiantzaz loialistako Therry Santa, 2019ko hauteskundeetatik hona presidente izandakoa; bestetik, UC-FLNKS Kaledoniar Batasuna-Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren eta EO Ozeaniako Esnaldiaren zerrendaburu Samuel Hnepeune, eta, azkenik, UNI Independentziarako Batasun Nazionalaren Kongresuko talde parlamentarioko buruzagi eta zerrendaburu Louis Mapou. Emaitzetan ez zen aldaketarik izan, hiruretako inork ez baitzuen lortu botoen gehiengoa: Santak lau eskuratu zituen, eta Hnepeunek eta Mapouk, hiruna —gutxienez sei behar dira—.

Iragan asteburuan, Kongresuko presidente Roch Wamytanek adierazi zuen elkarrizketen auzia «egun gutxiko kontua» izango zela, baina aitortu zuen «ziurrenik» gaurko ez zutela ezer adostua izango. Azkenean, hala gertatu da, baina atzo UC-FLNKSko Gilbert Tyuienon baikor agertu zen negoziazioei begira: «Denbora hartzen ari gara orekarik onenak izateko».

Duela bi aste aukeratu zuten Kaledonia Berriko Gobernua. Bozketan ezustekoa izan zen, UNIk espero zen baino bi boto gehiago lortu zituelako, eta, hortaz, koaliziorako ministro bat gehiago eskuratu duelako. Horrek berdinketa bat sortu zuen independentziaren aldekoen artean, aurreikusi bezala, UC-FLNKSren zerrendako hiru hautagai hautatu zituztelako.

UNIkoentzat, Hnepeuneren profilak sortzen du gatazka, atzoko bozketaren ostean koalizio horren parte den Palika alderdiko eledun Charles Washetinek berretsi duenez: «Hnepeunerekin, alfonbra gorria jartzen diogu patronalari. [...] Ikuspegi historiko eta ideologiko batetik begiratuta, guretzat ezinezkoa da [haren alde bozkatzea]».

UC-FLNKSren eta EOren zerrendaburua lehen aldiz sartu da politikan. Medef-NC Frantziako Enpresen Mugimenduaren Kaledonia Berriko adarraren presidentetza utzi du horretarako, eta, Ozeaniako uharteetako gobernuburu kargua lortuko balu, laster utziko luke Air Caledonie hegazkin enpresan daukana ere. Haren hautagaitza aurkeztu duten alderdien asmoa «gizarte zibileko hautagai bat» aurkeztea zen, eta, printzipioz, presidentegai horri eutsiko diote.

«Akordio berri bat»

Sebastien Lecornu Frantziako Itsasoz Haraindiko ministroa 2022an egingo duten galdeketaz mintzatu zen iragan igandean,Le Journal du Dimanche astekarian idatzitako zutabe batean. Haren iritziz, independentistak eta loialistak «akordio berri batera» heldu behar dira, erreferendum horren emaitza edozein dela ere: «Statu quo-a ez da posible. [Frantziako] Estatua, akordioen bermatzailea, prest dago [itun berri bat egiteko]».

Deskolonizazio prozesuko lehen galdeketa 2018an egin zuten, eta bigarrena, iaz; bietan, Frantzian gelditzearen aldeko jarrerak irabazi zuen, baina kontsulta batetik bestera txikitu egin zen baiezkoaren eta ezezkoaren arteko tartea. Iragan urriaren 4koan, Kaledonia Berriko herritarren %46,74 independentziaren alde agertu ziren; duela hiru urtekoan, berriz, %43,33.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.