JIRA

Parke tematikoak

Angel Erro -

2018ko uztailak 12
Barack Obama sanferminetara etorriko zela uste genuen Patxi Huarte Zaldieroak (lehen bihozkada harena izan zen) eta biok, eta neurri batean irrikatu ere bai, Iruñeko festak OPIen (hots, VIPen) hutsune eta glamour falta aspaldikoa berdintzen lagunduko baitzuen nire ustez, baina baita Zaldieroari eta bioi egun batzuetarako lana erraztuko zigulako ere, hari pertsonaia berria eskainiz, niri honako hau baino are funtsa gutxiagoko zutabeak idatzaraziz.

Horren ordez, patuak Pablo Casado eskaini digu. Lehenengo eta behin, harrigarria suertatzen da oso denbora gutxian bitan egon baita Nafarroan, Espainiako Alderdi Popularraren buru izateko barne hauteskunde kanpainatxoan; harrigarria, alderdiak oso ordezkari hautesle gutxi dituelako erkidego honetan. Hots, haien botoa nekez izan daiteke erabakigarria Saenz de Santamariari nagusitzeko lehian. Orduan zeren bila etorri da, praka zuririk gabe, Iruñera? Gertatutako txistu eta oihuen irudiak eragin eta bere mesedetan erabiltzeko bota du baten batek. Ez dut hortik joko, bueltan etor daitekeen argudioa baita. Edonola, dudarik ez dago Nafarroa liskargune bilakatu beharra, euskal gatazkaren parke tematiko modukoa, Espainiarako arrantzagune.

Obama etorriko ahal zen!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna