Angel Erro.
JIRA

Arte/Pornografia

2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Arte bideoa egin nahi du ikus-entzunezko artistak. Performance bat filmatu, museoetan emateko gero. Hala ulertu uste dute boluntarioek. Baten batek galdetu nahiko luke zerbait kobratuko duten edo soilik «esperientzian»? Goi arnasadun asmoez horditu ditu parte hartzaileak. Kameraren aurrean pixkanaka biluztu eta interaktuatzen hasi beharko dute, elkar ukituta, elkar usainduta, elkar esploratuta, elkar edozer gauza, buru eta gogamena guztiz askatuta, inongo iraganik eta kanpo-hertsadurarik ez balute bezala.

Ulertu uste dute. Ez dakite, baina, noraino iritsi ahal diren. Hasi dira. Benetan dira artistak esan bezain libreak nahi duten edozer egiteko? Susmoa dute, esaterako, ez luketela elkarri benetako mina ematera edo larrua jotzera iritsi behar, baina gero eta nabarmenago binaka edo talde txikietan daude jarrita. Txaloak eta txekeak beste norbaitek jasoko dituen arren, aski dakite arteaz, ondorioztatzeko sexuak bere gordinean artearen zerizana auzitan paratuko lukeela. Artistak kontrakoa esan arren. Eusten diote.

Artelan ederra gelditzen ari da. Probokatuko du. Artistak erekzioak eta bustidurak postprodukzioan kendu arren, udalen batek debekatuko du. Artea eutsitasun ariketa aseezina baino ezin da izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.