Angel Erro.
JIRA

Poltsikoak

2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Bada esaldi edo argudio edo falazia bat nire onetik ateratzen nauena, azkenaldian nahi baino gehiagotan entzuten dudana: «Dirua jendearen poltsikoetan dago hobekien». Hainbestetan entzuten dut, jendearen poltsikoetan gogoeta egiten hasi naiz. Ez baititugu guztiok poltsikoak berdin. Emakumezkoen prakek, esaterako, poltsiko txikiak dauzkate, apaingarri huts, bertan eskua ere ez sartzeko modukoak. Egiaztatu ahal den kontua da. Eta horrek zerbait esan nahiko du ideologia neoliberalaren mantra horretan. Ondasunen banaketa orokorrean parte txikiagoa ere eduki behar dutela edo.

Bestetik, sosik ez izatearen keinu unibertsala poltsikoak barrukoaz kanpora ateratzea da, barruan deus ez dagoela erakutsita. Halako egoeran dagoenari goiko lelo gezurtia primeran datorkiola pentsa liteke. Dirua non hobe sosik ez duenaren poltsikoan baino? Arazoa da esaldi edo argudio edo falazia hori ez dela berarentzat asmatu, zerbitzu publikoek eskainitako bermerik gabe egoteko diru aski eta sobera poltsikoan duenarentzat baizik, zeinak esaldi edo argudio edo falazia horren bidez, hain zuzen, gizartearen poltsikotik (hots, ogasunetik) zerbitzu publiko horien sostengua ebatsi nahi dion gizarteari, hots, ebatsi nahi digun guztioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.