Angel Erro.
JIRA

Bakan eta bitxia

2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Sirio 19 paratu diete izena joan den astelehenetik ostiralera arte Nafarroako Bardean (ere) egiten ari diren maniobra militarrei. «Bardea izanen da kokapenetako bat, non [Espainiako] Aire Armadak Sirio 19 ariketa burutuko duen, gorputz honen maniobrarik konplexu eta handinahienak».Notizia honek bat egin du denboran eta espazioan beste honekin: «Hegazkin militarrak turismorako baliabide Bardean». Bardeako Erkidegoak enkargatu (eta ordaindu) duen turismo planak Bardeako tiro eremuan egiten diren maniobrek bisitariak erakar ditzakeela ebatzi du, kontu «bakan eta eta bitxia» baita.

Bardea berez aski bakan eta bitxia ez balitz bezala. Aurrekoan La2en natur parke honi buruzko dokumental bikaina eman zuten (tiro eremua aipatu gabe), lekutako basamortu «bakan eta bitxia», salbatzea aldarrikatzen ditugunetakoa, balitz bezalako tonuan, eta ez nekizkien hainbat gauza ikasi nituen. Hor tiroek eta hegazkinek ez zuten tokirik, baina aipatu beharko zituzten erokeriaren tamainaz jabetzeko. Turismo plan hoberik ez.

Sirio 19 bezalako maniobrak jarraitzera, eraman ditzatela turistak barruraino, baina siriarrez jantzita, bonba horiek berez izanen duten jomugatarako, turismo esperientzia are bakanago eta bitxiago izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.