Angel Erro.
JIRA

Susperraldia

2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Erredakzioan bildu behar duen langilearen amorrurako zutabe hau berandu xamar bidalita ere, hots, irakurleak jaso arteko denbora ahalik eta gehien laburtuta ere, irudipena daukat hanka sar dezakedala Donald Trumpen gaixoaldiaz zerbait esanez gero, hain joan dira gauzak kasu honetan guztian azkar. Pertsona normal batean lehen sintomak agertzen hasteko epean berak positibo eman, berrogeialdian itxi, ospitaleratu, bertan bertsio kontraesankorrak eman, esaterako, oxigenoa paratu dioten ala ez, auto ofizialean jarraitzaileei agurtzeko paseito bat eman, ospitalera itzuli eta deskuidu batean etxeratu dute, lana (eta kanpaina) berrartzeko prest.

Sinets egidazue: egunkari digitaletan sartu-irten azkarra egin dut, zutabea hasi naizenetik hona AEBetako presidentearen egoera aldatu ote den. Epika neoliberalaren arabera taxututako istorioa. Antza, Ronald Reagani kopiatu nahi omen dio, 1981eko atentatuaren ostean bulegora itzuli baitzen medikuen iritziaren kontra. Ama erdiberri askorengan ere halako lehia bat egoten da, lanera lehenbailehen itzultzeko, lehengo irudia berreskuratzeko.

Gaixoaldia gaitzesten duen gizartean bizi gara. Susperraldia, berriz, ahalik eta lasterrena, mirarizkoa, jainkotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.