Lehenengo pausoa

Eztizen Miranda - Doktorea, EHUko irakaslea

2018ko irailak 22
Espainiako Kongresuak onartu du Oroimen Historikoaren Legea aldatzeko dekretua. Neurri horren bitartez ireki egin dute bidea Francisco Franco diktadorea Erorien Haranetik ateratzeko.

Diktadorearen ehorzketari buruz hitz egin aurretik, ordea, Erorien Harana zer den eta eraikuntza horrekin zer egin nahi dugun galdetu behar diogu gure buruari.

Erorien Harana sortu zuten nuestra gloriosa cruzadan erori zirenen memoria betiko gordetzeko, baina behin eraikuntza amaituta konturatu ziren cruzadaren alde hil zirenen kopurua ez zela horren handia eta kripta handiegia zela haientzako bakarrik. Orduan erabaki zuten estatu-kolpea babestu ez zutenen gorpuzkiak ere eramatea, kolpistek eraildako soldaduen aztarnak zein zibilenak. Kolpearen ostean Espainia osoan zehar desagerrarazitako pertsonen hilobiak ireki eta aurkitutako hezurrak Cuelgamurosera eraman zituzten, sarritan, jakina, senitartekoei ezer esan barik. Mausoleoak ia 34.000 pertsonen aztarnak gordetzen ditu, horietatik 12.410 izen-abizenik gabe.

Adituek jada aurreratu dute zaila izango dela, ez bada ezinezkoa, izen-abizen horiek guztiak berreskuratzea. Ez da ezinezkoa, berriz, haien memoria gordetzea, eta haiek guztiak gogoratuz, jakinarazi orduko injustizia, biktima horien aurka eragindako injustizia.

Datu eta ideia horiek gogoan izanda erabaki behar dugu zer egin nahi dugun Erorien Haranarekin.

Oroimen historikoaren legearen helburuetako bat da hildakoen memoria ohoratu eta birgaitzea, baita estatu-kolpearen osteko garai historikoaren ezagutzan sakontzea ere. Hori horrela, eraikinaren beraren balio historikoagatik, eta bere baitan gordetzen dituen memoria guztiengatik, Erorien Harana mantendu beharra dago.

Franco basilikaren leku pribilegiatuan mantentzen duten bitartean, aldiz, hildakoen memoria ohoratu beharrean, diktadura eta diktadorearen memoria goraipatzen jarraituko du Haranak. Horregatik, Erorien Haranaren izaera totalitarioarekin amaitu nahi badute, diktadorea ateratzea da eman beharreko lehenengo pausoa.

Eraikuntzak oroimen partziala defendatzen du, kolpistena eta gerra irabazi zutenena, diktadurarena. Francoren eta Jose Antonio Primo de Riveraren hilobiek frankismoaren aldeko hilobien hierarkia bat markatzen dute eta horrek zaildu egiten du lekuaren esangura aldatu ahal izatea. Erorien Harana gizarte osoarentzako oroimen-leku bihurtzeko, bertan islatu beharreko konnotazio politiko eta ideologiko bakarra giza eskubideen aldekoa izan behar da. Horretarako ezinbestekoa da Franco Haranetik ateratzea, besteak beste, ez zelako gerraren edo errepresioaren biktima izan, biktimarioa baizik, eta ezin dutelako hark sustatutako ia 34.000 biktima horien gainetik mantendu baita hil ostean ere. Jose Antonio Primo de Riverari dagokionez, gerra garaian hil bazuten ere, basilikaren ohorezko lekuan izateak ohorezko esanahia eskaintzen dio nazional-katolizismoari, beraz, Jose Antonio ere ohorezko leku horretatik atera behar dute.

Bestelako iritziak daude Francoren ehorzketa eta Erorien Haranaren etorkizunari buruz. Batzuen esanetan, ezkerraren mendekua da diktadorea ateratzea, eta arrisku hori egon badago baldin eta ez badute mausoleoa partekatutako-oroimenerako leku bilakatzen, eta gaur egun dagoen bezala uzten badute.

Beste batzuen iritziz, eraikuntza osoa eraitsi behar dute, Francorekin eta Jose Antoniorekin batera, baina orduan kriptetan diren 34.000 biktima horiek ere betiko desagerraraziko lituzkete. Orduan bai ezabatuko luketela mende erdiko historia, bai eta hildako horien zein estatu-kolpearen ondorioz sufrimendua ezagutu zuten pertsona guztien memoriak isilarazi ere.

Diktadorea aterata, eta Benediktinoei agintaritza kenduta, Haranaren oroimen partziala aldatu egingo da eta esangura berria hartuko du. Eraikuntza interpretazio zentro bat bihurtu daiteke. Txileko Villa Grimaldi edo Argentinako ESMA zentroak bezala, Erorien Harana injustiziaren aurkako nazioarteko erreferente bihurtu daiteke. Historiaren lekukoa izatetik, historiaren ahotsa bilakatu behar dute.

Egia da konpontze lan handiak behar dituela mausoleoak bertan ezer egin aurretik. 2011n Erorien Haranaren etorkizunari buruz sortutako batzordeak 13 milioi euro baino gehiago aipatu zituen, basilika eta eskulturak konpontzeko. Ez da horrenbeste diru, ordea, Francisco Franco Fundazioak, Haranaren aldeko elkarteak eta Benediktinoen abadiak jasotzen dituzten diru laguntzak horretarako erabiltzen badituzte. Eta are gutxiago, Franco familiaren ondarea 500 eta 600 milioi artekoa dela kontuan izanda. Ondare horren gehiengoa Francok diktadura garaian bereganatutakoa da. Agian bada garaia, oroimenarekin batera, hori ere berreskuratzeko eta herriari bueltatzeko; garai ilun hartako sinbologia osoari argitasuna eta esanahi berria emateko.

Francisco Franco diktadorea Erorien Haranetik ateratzea, beraz, hasiera baino ez da; behar moral bat, bertan hilobiratutako biktimei diegun zor ordainezina.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna