Noiz sortua: 2020-01-25 00:30:00

Gurasoen Pin-a: partaidetza edo zentsura

Maria Luisa Garcia Gurrutxaga - Euskadiko Eskola Kontseiluko presidente ohia eta PSEko Hezkuntza arduraduna Gipuzkoan

2020ko urtarrilak 25
Ikastetxeetan familien parte-hartzea giza aldarrikapen moduan azaldu zen gure gizartearen normalizazio demokratikoaren prozesuaren barruan. Parte-hartze honen helburua hezkuntza erakundeetako kontrolean eta kudeaketan ekarpenak egitea zen, aniztasuna eta hezkuntza komunitateko sektore guztien partaidetza demokratikoa bermatze aldera. Hain zuzen ere, hala jaso zen Konstituzioaren 27.7 artikuluan, eta ondorengo lege garapene-tan ere bai, zehazki LODEn. LODEk partaidetza ahalbideratzeko erakunde berriak sortu zituen: Ikastetxetako Eskola Kontseiluak, Estatuko Eskola Kontseilua 1985ean, eta gero, Erkidegoko Eskola Kontseiluak, Euskadikoa lehenetariko bat izan zelarik.

Fikziozko debate honetan, esanguratsua izan daiteke Ikastetxetako Eskola Kontseiluek dituzten atribuzio garrantzitsuenak jakitea, eta gogoraraztea familiak daudela ordezkatuta bertan: zuzendaritza taldeari ikasturteko planari buruzko eta hezkuntza proiektuari buruzko proposamenak egitea eta plan horiek ontzat ematea; barne funtzionamenduko arautegia onartzea; beste ikastetxeekin eta erakundeekin elkarlanean aritzeko ildoak lantzea, betiere helburu hezitzaileekin; bizikidetza sustatzeko ekimenak proposatzea. Ultraeskuineko alderdiak, Voxek, proposatu duena eta PPk hainbeste grinaz aldarrikatzen duena omen da ikastetxeek ordutegi barruan egiten diren jarduera osagarriei buruz familiak informatzea, baietza eman dezaten. Esan beharra dago hori faltsukeria eta manipulazio hutsa dela; ikusi dugun bezala, Ikastetxetako Eskola Kontseiluan informazioa ematen da, eta familiek ontzat ematen dituzte ikasturteko planean jarduera guztiak. Araudiaren ikuspuntutik, Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak esan duen bezala, Murtziako Gobernuari bidalitako errekerimenduan ekimen honek ez dauka ibilbiderik; zentsura eta betoa da, nahiz eta hezkuntza partaidetzaz mozorrotu; eskolaz kanpoko jarduerak ez ezik, jarduera osagarriak derrigorrezkoak eta ebaluagarriak dira, eta Ikastetxeetako Eskola Kontseiluan onartuak.

Araudiarekin bukatzeko, gutxienez ironikoa da PPk bere hezkuntza erreforman, 8/2013 Lege Organikoan, hezkuntza kalitatea hobetzeko egin zen hartan (LOMCE), V. artikuluan egindako partaidetzaren murrizketa eta txikiagotzea eta gero, batez ere, familiei dagokien atala aintzat hartuta, orain familien ustezko askatasunaren eta partaidetzaren defendatzaile sutsuarena egitea.

Hezkuntza izan da indar politikoen artean jaurtitzeko arma, baina orain genuen hezkuntzaren inguruan akordio batera iristeko aukera, akordioa XXI. mendeko hezkuntza sistema batek dituen benetako arazoak konpontzeko eta beharrak asetzeko. Une honetan, ultraeskuin atzerakoiak mahaigaineratu du debate faltsu bat, antidemokratikoa, kontsentsu guztiak apurtzen dituena eta hezkuntza komunitatean bizikidetzaren barruan haustura elementu arriskugarria sartzen duena.

PPren erantzukizuna barkagaitza da, ultraeskuinaren obsesioak legeztatzen eta diskurtso politikoan sartzen dituelako. Gobernatu duen alderdi batek ulertu beharko luke hezkuntzak daukan beharra debate faltsu, maltzur eta antzuetatik urruntzeko. Arazo horren erantzuna hezkuntza administraziotik eta indar politiko demokratikoetatik eman behar zaio, baina batez ere hezkuntza komunitatetik. Mahai gainean jarri behar dugu hezkuntzaren debate erreala: nola bermatzen dugu gure ikasleen arteko aukera berdintasuna; hasteko, dituzten desberdintasunak gainditzeko; nola gaurkotzen dugun hezkuntza sistema, bai IKTak baita atzerriko hizkuntzak direla eta; nola ziurtatzen dugun oinarrizko konpetentzien garapena derrigorrezko hezkuntzan; nola garatzen dugun gure gazteek behar duten Lanbide Heziketa; zer egingo dugun batxilerrarekin benetako hezkuntza etapa bihur dadin, eta ez bakarrik unibertsitaterako sarbidea; Rajoyren garaian egindako murrizketei buelta ematea; irakasleen lana eta profesionaltasuna duintzea eta unibertsitatean ematen den hasierako prestakuntza optimizatzea.

Erabil ditzagun gure eskura ditugun bideak, argi eta garbi aldarrikatzeko hezkuntza ring politikotik aldentzea nahi dugula. Denak ez duela balio oposizio desleiala egiteko, eta gehiegi dago jokoan hezkuntza mundua arduragabeen eskuetan uzteko. Etorkizuna jokoan dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna