Pentsiodunen batasun menderaezina

Maria Serrano Mitxelena eta Jose Mari Uria Azkarate
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 30a joana da. Eta pentsa zitekeen moduan joan da. Pentsiodunen mugimenduaren zati handi bat mobilizatu egin zen, eta beste zati bat ez. Horrekin, mugimenduaren aniztasuna agerian jarri zen, besterik ez. Hori ez da, inola ere, zatiketa gisa irakurri behar. Izan ere, denok batera, pentsiodunek mobilizazio asko ditugu aurretik. Batzen gaituena asko da, eta hori nabarmendu behar dugu. Egiturazko zatiketa bat agerian jarri nahi duenak azaldu beharko luke ea hori nahi duen eta halako baieztapenarekin zer bilatzen duen.

Pentsiodunen mugimenduarentzat denbora oso baliotsua da. Ez dago galtzeko denborarik. Horregatik ez digute balio gure eskaerei emandako erantzunek; alegia, esaten digutenek pentsio duinetan gehiago aurrera egiteko garai berriak beharko direla, eta helburua dela etorkizun zehaztugabe batean ikuspegia finkatzea eta, kasurik onenean, errealistak izanik, KPIari egokitutako igoerak onartzea, adibidez. Ez dugu denbora askorik, hemen eta orain bizi gara, eta orain behar ditugu pentsio duinak, XXI. mendean gizaki gisa bizitzea ahalbidetuko digutenak. 65 urtetik gorakoak izanik, euskal pentsiodunen mugimenduak larrialdiak ditu. Mugimendu horrek dio pertsonak eta, kasu honetan, beteranoak politikaren erdigunean jarriz gero soilik, borondate politikoarekin eta baliabideak gaituz heldu ahal izango zaiola 1.080 euroko gutxieneko pentsioari.

Orain dugun Estatuko gobernua, gure ustez, printzipioz, sentikorragoa izango da gure aldarrikapenekiko. Pentsio bidezkoagoetarantz proposatzen duen aurrerapauso bakoitza ondo hartuko dugu. Eta, hain zuzen, horregatik manifestatu ginen urtarrilaren 30ean: uste baitugu gobernuak egin dezakeen aliantzarik onena kaleetan dagoen pentsiodunen mugimenduarekin egin dezakeela. Eskuindarren presioen aurrean gobernuak arrazoi ugari behar ditu, eta gure mobilizazioak dira argudiorik onena horretarako. Okerreko ideia da gobernu zentralari gehiago laguntzen zaiola mobilizaziorik gabe. Pablo Iglesiasek esan zuen: «Ez gaitzazue bakarrik utzi». Eta hori ari gara egiten. Are gehiago, eskuinak gora egiten ari diren garai honetan.

Mobilizazioaren batasuna da bidea. Ikusi zen jendetza batek ere hori ulertu zuela gure hirietan. Inor ez zen manifestazioetara eraman, pentsiodun libreak atera ziren, jakitun izanik gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsioak babestu behar direla. Oraindik aurretik dugun bide luzean batasuna izango da estrategia nagusia. Eta, batasuna adostasunean gauzatu badaiteke, ondo baino hobeto. Nork nahiago du batasun partziala adostasuna baino? Adostasuna guztiok bat etortzea da. Baina guztion adostasuna ez da beti posible. Bizitzan berez pluralak garenez, ideia, diagnostiko eta alternatiba desberdinak ditugu, eta desberdintasunak batzuetan handiak dira, baina gehienetan txikiak.

Egiaz, adostasunaren bertuteek topatzen duten muga da hura ez dela beti posible, eta, demokrazian, desberdintasunak bozkatuz ebazten dira. Hala ez balitz, arazo larri batekin egingo genuke topo: gutxiengo batek akordio bati betoa jarri ahal izango lioke, ahalik eta batasun handiena blokeatu ahal izango luke, eta, halakoetan, adostasuna aurrera egiteko oztopo bihurtuko litzateke. Izan ere, adostasunak eta batasunak aurrera begiratu behar dute, ez atzera. Mobilizazioak aurrera begiratzen du; gelditasuna atzean geratzen da.

Adostasunak, gainera, ez du izan behar paradigma, joan eta prozesu berrien eztabaida ireki, osasungarri eta eraikitzaileak mugatuko dituen baldintza. Hortaz, adostasunean batasuna oso ona da, baldin eta adostasun horrek ez badu makilak gurpilen artean bezala jokatzen, aurrera egiten ez uzteko. Batzuetan desadostasunek gehiengoak eta gutxiengoak (biak errespetatuak) identifikatzeko bozketetara eramango gaituzte, eta inork ez du izan behar horren beldur. Hala gertatzen da demokraziaren arlo guztietan, politikan, erakundeen, sindikatuen edo kirol-elkarteen funtzionatzeko moduetan.

Urtarrilaren 30ean kalera atera ginen, ondo baino hobeto jakinda pentsioen esleipena Estatuaren eskumena dela. Baina, era berean, atera ginen sinetsita gaudelako gure autonomiaren mailan tresnak badaudela edo egon daitezkeela Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek pentsioen osagarritasunari heltzeko, pentsio duingabeen bidegabekeria zuzentzeko. Gaur egungo diru sarrerak bermatzeko errenta, pertsona kalteberenei arreta emateko tresna baliagarria izanik, ez da tresna egokia pentsioak eskatzen dugun neurriraino osatzeko. Aldatua izatea eskatzen du. Borondate politikoa da kontua.

PSOE Unidas Podemos gobernuak bere legealdian 1.200 euroko gutxieneko soldata onartuko duela iragarri izanak erakusten du pentsioaren 1.080 euroak ez direla inolako zentzugabekeria, guztiz kontrakoa baizik, arrazoizko kopurua.

Mobilizaziora atera ginen milaka eta milaka pentsiodunak ideia batetik abiatuta irten ginen; alegia, autonomia-erkidegoen aldetik osagarritasuna ekintza bat dela, eskumen handiagoak lortu nahi dituztenak eta jendeari zerbitzatzea lehenesten dutenak behartzen dituena. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak eta hura sostengatzen duten alderdiek, lege-tresna berri bat gaituta, aukera dute erakusteko gizarte-sentsibilitatea dutela eta subiranotasun-maila handiagoaren bidean daudela. Bestalde, legeak aukera ematen du eskatzen duguna posible egiteko bideak irekitzeko, eta, DSBEa borondate politiko baten emaitza den bezala, 1.080 eurorainoko pentsioen osagarritasuna halaxe izan daiteke eta izan behar du, Europako Gutun Sozialak eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen 102. eta 128. hitzarmenek gomendatutako kopurua baita. Horrela, konstituzioa ere bete nahi da. Izan ere, konstituzioaren 50. artikuluaren arabera, «botere publikoek, dagozkien pentsioez aldika gaurkotuz zahartzaroan garantizatuko dio hiritargoari behar-beharrezko ekonomia».

Kide batzuk falta izan ziren, eta sentitzen dugu. Eta sentitzen dugu, egun ahaztezina izan zelako, poztekoa, borrokakoa, aldarrikapen-oihuena, protestarena, berriro elkartzearena. Tira, gertatutakoa bizitzaren parte da. Ziur berriro guztiok elkarrekin egongo garela. Urtarrilaren 30aren ondoren, zereginak eta mobilizazioak izaten jarraituko dugu. Itxaropena Pentsiodunen Mugimenduko pilekin kargatzen den argi hori da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.