Angel Erro.
JIRA

Ez nekizkienak

2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Egunotan Madrilen ibili diren lagun batzuei, kalean dabilen jendetzaz eta nonahi ortzadarreko zenbat bandera ikusten den harrituta («horrela da beti?»), azaldu diet harrotasuna direla hemengo festak edo aste nagusia, Iruñean sanferminak diren bezalakoa. Izan ere, aurten egun berean (atzo) hasi dira biak.

Ez nekien zerbait erakutsi didate niri haiek ere; jendeari begira plaza batean eserita geundela, ikusarazi didate Madrilen neska eta emakume gehienek ez daramatela bularretakorik soineko edo elastikoaren azpian (horrek, berez, gehiago irakatsi dit Iruñeko neskez, Madrilgoez baino).

Inorantziaren mugak gugandik urruntzetik ez direnez sekula gelditzen, gogoan dut nire mutil madrildarrak Iruñeko jaiak ezagutu zituen lehen aldi hartan halako sinkretismo ezin argigarriago batekin definitu zizkidala sanferminak: harrotasun heteroa dira, the straight pride, askoren artean beste bat gehiago, zehaztu beharko zen, baina neurri batean bestelakoa ere bai, gauza asko direlako sanferminak aldi berean eta metro gutxiren barruan.

Madrilgoa egun batzuez dastatu ondoren Iruñera joateko asmoa eta gogoa da horren froga, aurten bi festak, bi harrotasunak, bateragarri egiteko aukera suertatu zaigunez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.