Angel Erro.
JIRA

Lagun normala

2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Badut lagun normal bat, maiz asmatzen duena ni nola zirikatu. Ni maiz harritzen naiz haren aurrean. Normaltasuna oso bitxia da. Lagun honi, esaterako, ez zaio buruan sartzen norbait lagunekin atera eta alkoholik ez edatea, xaxatuko zaitu zuk ere garagardo edo kopa bat (ardorik ez) eska dezazun, baina aldi berean oso arraro egiten zaio norbaitek alkoholik edatea beste inorekin ez badago (are taberna batean ere). Arraro hitzak kondena itxura hartzen du bere ahoan.

Nire lagun normalak iritzi politikoak eta bestelakoak ere baditu, baina ez muturrekoak. Muturreko guztiari urrun deritzo, estralurtar, arrotz, arriskutsu. Harrigarriki ia guztia iruditzen zaio muturrekoa. Nire lagun normala dagoen Whatsappeko taldera bidali dudan notiziak, esaterako, egunen batean nola eragiten ahal dion ez du ikusten: Italian rave bat antolatzeak 3-6 urteko kartzela zigorra ekarriko du. Jende normala ez doa halakoetara, berak ez du inor ezagutzen rave batera joan denik. Kontra egin diogunean, aurpegiratu digu gu ere ez garela halakoetara joaten. Biltze askatasuna urratzea dela iradoki diodanean, berak erantzun du jende normala gauza normalak egiteko biltzen dela eta hori inoiz ez dela arriskuan egonen, ez Italian ez inon. Jende normala seguru bizi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.