Angel Erro.
JIRA

Jakean

2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Hau idatzi bitartean, esaldi ziur aski luzeegia nonbaitera eraman bitartean, ahots mehe batek pentsamenduen segida eten eta «En directo para En Jake, por favor...» galdetu edo exijitzen dit, hizkuntzen arteko hierarkia egon badagoela gogoraraziz, neurri batean oker ari naizela azpimarratuz, hizkuntz apaingarria (egun on doi esatekoa) benetakoa balitz bezala jokatuz. Ahots berak eztul egin ohi du jendaurrean euskarazko aurkezpena komeni baino gehiago luzatzen dudanean. Edo bestela ondokoarekin marmarka hasi ohi da, ez zerbait baduelako ondokoari esateko, arreta galera areto osoari kutsatzeagatik baizik. «En directo... por favor». Ahots horrek (tinbrea aldatzen doakio) ikasi du euskara ikasteko suertea izan ez duela, jakitea biziki gustatuko litzaiokeela esaten, solas hizkuntza onbideratzeko, gaztelaniaz barkatuta egiteko. Inposizioekin oso sentibera da ahotsa.

Ahots mehe horrek («por favor») ez dit galdetuko gaurkoan zertaz idatzi dudan. Berez ez zaio interesatzen. Beharbada hari buruz jardun dudala baleki ere. Hori bai, sinetsaraziko dit gaztelaniaz eginen banu, nireak erdarara itzuliko balituzte, orduan bai irakurriko nindukeela. Ahots mehe hori, gainera, goitiko aginduak betetzea baino ez da egiten ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.