JIRA

Hemen ere

Angel Erro -

2018ko abenduak 29
Aznartar eskuinen hirutasunak (zaharberritua, berrizahartua eta zuzenean ultraeskuindarra) Andaluzian ituna estreinatu duen egun berean Pablo Casado Iruñean egon da (edo, irudien arabera, Iruñeko Gaztelu plazako argazki handi baten aurrean behintzat), Alderdi Popularraren nafar hautagaien aurkezten, eta bertan esan du: «Zergatik ez dugu gauza bera eginen Nafarroan ere?». Uste baino goizago heldu da Vox ultraeskuindar makuluaren zilegitasuna. Hiru burudunen munstroaren gizarteratzea.

Egun berean, agian aldi berean ere bai (ordu berean behintzat ikusi ditut nik), hurrengo udal hauteskundeetarako inkesta bat agertu da, non Espainiako mapa batean ikusarazi dute zer probintziatako hiriburuetan (eta zenbateko probabilitatearekin) irabaziko lukeen PP+C's+Vox blokeak. Pontevedra eta Tenerife alde batera, Euskal Herriko eta Kataluniako launa probintziatan baino ez da «oso baxua» agertzen delako hirukotea nagusitzeko aukera.

Zerbait ez dator bat Casadoren eta inkesta horren artean: UPN aintzat hartu ala ez. Eta errealista izanik, baita PSN ere, kontuak aterako badira. Eta atera daitezke, batez ere Vox parlamentuan egonez gero zentraltasuna lekualdatuko litzatekeelako, sozialistek sozio ezinezkoez aldarazita.