Angel Erro.
JIRA

Galdetzeak lotsa

2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Taberna batean nago sakelakoan tekleatzen, lotsa ematen didalako ekarri dudan koadernoa ateratzeak. Eskaintza handiko garagardotegi bat da, gutxitan natorren Iruñeko auzo batekoa. Etortzean duda-mudatan egon naiz billabesako zein geralekutan jaitsi. Ondoko agureak nabaritu dit, eta laguntza eskaini. Nora noan esan, eta zehatz-mehatz azaldu dit hartu beharreko bidea, nire zalantza, bidea ez, non gelditu baino ez zen arren. Azkenean, lotsati (galdera barkatzeko eskatu dit) galdetu dit, atrebentzia ez bada, ea nongoa naizen. Lotsa eman dit niri ere, azalpen luzearen ondoren, hemengoa naizela aitortzeak eta beste jatorri bat asmatu diot neure buruari, ingurura begiratu ondoren, inork ezagutzen ote ninduen.

Zain nagoen laguna hain da puntuala, minutu batez berandutzen ari dela ikustean jakin baitut (eta egiaztatu) hitzorduaz okertutakoa ni naizela. Eskatu dudan garagardoa, Berliner Weiss bat, jatorriari begira aukeratu dut; Berlinen egondako azkenean ere bertakoa edan bainuen. Honako hau oso da garratza, ozpindua dela pentsatzeraino, baina ez naiz ausartzen horrela behar duen galdetzera, gaur bigarrenez neure buruaz ez lotsatzearren. Hamalau minutu baino ez dira falta Iñaki etor dadin. Berak jakinen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.