Angel Erro.
JIRA

Bandera okerrak

2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Antonio Machado Colliouren lurperatuta dago. Espainiako Errepublikako banderan meztitu zuten hildakoan. Asteburuan beste bandera batekin omendu nahi izan dio Pedro Sanchez presidenteak. Machadok, lehenagoko poema batean, itzuli behar ez duen ontziko azken bidaiaren egunean ekipaje gutxirekin, ia biluzik, irudikatu zuen bere burua. Hori idaztean seguruenik ez zuen banderarik buruan. Uste osoko errepublikano hil zen. Omenaldi batek, gutxieneko gizalegeaz, omendua bere horretan onartzea eta omentzea eskatuko luke.

Ondorio berera, edo oso antzeko batera, iritsi naiz asteburuan gertatu den bigarren bandera gatazkaren kasuan. Bixintxo Bilbao pilotariari urtebeteko zigorra ezarri diote, nazioarteko txapelketan, nahi izan duen bandera ateratzeagatik podiumera igotzean, irabazle. Non eta euskal pilotan ikurrina debeku. Demagun onartzen dugula euskal federazioak nazioarteko euskal pilotaren txapelketan ez egotea. Non eta euskal pilotak euskal federaziorik ez. Demagun Euskal Herria banandua duen estatu baten izenean ofizialki parte hartzea onartu duela Bilbaok. Irabazle gertatzean, debekagarria da nahi bezala ospatzea? Gutxieneko gizalegeak sariduna bere horretan onartzea eskatuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.