Angel Erro.
JIRA

Donosty Allen

2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Donostian filmatzeko baimenak (eta abantaila fiskalak) eman aurretik norbaitek eskatu dio Woody Alleni edo haren taldeko norbaiti Donostian girotu nahi omen duten filmaren gidoia? Hiriaren zer irudi ematen duen. Zuzendari new yorktarrak Xixonen eskainia duen estatua kentzeko eskatu du talde feministaren batek, baina bada estatua kentzeko beste arrazoiak haizatzen duenik, hiriaz zer irudi eman zuen Vicky Cristina Barcelona filmean. Horretaz mintzo da Whit Stillman zinemagilea eta esan du Woody Allenek Asturias hondatu zuela pixka bat. Lepoa eginen nuke izenburua eta aktoreen zerrenda oraindik ezagutzen ez zaion filmean pertsonaiak Europara joan, baina azken ondorioa izanen dela New York bezalakorik ez dagoela.

Zalantza gehiago pizten dit beste kontu batek. Iragarri dute filmaketa uztailaren 10ean hasi eta zazpi astez luzatuko dela. Baldin badago urtearen parte bat non Donostia dagoen jendez lepo, turistek jota eta mota guztietako kultur ekintzez josita, hori uda izaten da. Inor ez da horretaz ohartu baimenak emateko orduan? Hiriaren funtzionamendu normalean eragozpen gutxiagoko hilabeteak ez zeuden? Ez da izanen Woody Allenen presentzia hiriaren beste erakargarri udatiar bilakatu nahi dutela agintariek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.