Angel Erro.
JIRA

Sentsibilitatea

2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Batzuetan, asteburuetan batez ere, Kataluniako erreferenduma geldiarazteaz arduratutako guardia zibil baten sentsibilitateaz, sentsibilitate muturrekoaz, esnatzen naiz eta inguratzen nauten guztiek gorrotozko eta mespretxuzko begiradak jaurtitzen dizkidatela iruditzen zait. Baina ulertuko nauen epaile zorrotzik gabe.

Asteburuetan, larunbatetan batez ere, munduari luzapen bat, beste luzapen bat, eskatu nahiko nioke, Theresa Mayk bezala, astean egitekoak nituen arduren erdiak ere egitera iritsi ez naizela ikusi eta, astelehena ortzimugan, atseden egunak atsekabe egun bilakatuko zaizkidan beldur. Baina gaitz guztien erremedioa izatekoa den brexit-ik gabe.

Larunbatetan, goizetan batez ere, euskalduntasuna ez bada, nire txokotasunak aurrehistorikotik zenbat duen baieztatuko duen ikerketa genetikoa (eta hura espantuz eta zentzu bikoitzeko goiburuekin) zabalduko duen hedabideak beharko nituzke, inora joateko eta inorekin ez nahasteko sentitzen dudan bultzadak azalpen zientifikoa izan dezan. Baina esajeratu gabe, bakarrik vermutaldira arte.

Larunbatetan, gauean batez ere, PSNk bezainbeste ezkon-nahi izan nahiko nituzke, gero bat edo batuketa bat proposatuko dizkidatenak. Baina konpromisorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.