Angel Erro.
JIRA

Katedrala

2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Parisko katedralak su hartu du, baina aspaldian behar du. Ahanzteko bidean gaude denok. Nire ustez, giza abiadura ez den batean behartzen gaituzte gauzak kontsumitu, liseritu eta ahanztera. Erne ez bazabiltza, berandu irits zaitezke prozesura, eta, ezbeharra deitoratzera eskaini beharreko bost minutuak igarota, azterketa burutsu, konparazio gordin edo txantxa mingarrien garaian irentsi beharra notizia. Azelerazio hau modu ikaragarrian biderkatzen da sare sozialetan.

XIII. mendeko eraikin bati akaso beste erritmo bat zor diogu. Katedralak, guztiak, baina gotikoak zer esanik ez, ikuslearengan hilezkortasun sentsazioa sorrarazteko diseinatuta daude. Beraz, nire bizitzaren ordu edo are egun pare bat eskaini ahal diot galdutakoaren damu izateari. Hurrengo goizean, etxe pareko kafetegian, batek oraindik ez zuen sutearen berri. Musika klasikoko irratsaio batean guztiz suntsitu den organo nagusian jotako Cesar Francken Koral Handia eman dute. Victor Hugoren aipuek gogora ekarri didate Notre-Dame de Paris izan zela leitu nion lehen liburua. Ez naiz dolu erakustaldi nabarmenekoa.

Egoera honetan nagoela, gozakaizkeria dakarte ondokoen iritzi ozenegiek, batez ere purrustadek. Batuko natzaie, baina utzidazue lipar bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.