Angel Erro.
JIRA

Madrilerako bidean

2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Atzo trena hartu nuen, kontrako norabidean. Iruñerantz. Bertan sartuta nengoela, txio batean irakurri nuen Javier Esparza uneotan Madrilerako bidean zela, PSNk Navarra Suma gobernuburu izaten utz dezan Pedro Sanchez estutzeko. Navarra Sumaren liderrak, berriz, ez ziren hirurak batera agertuko. Goizeko hamaiketan Esparza eta Rivera bilduko ziren. Eta ordu bat beranduago Esparza eta Casado. Adierazpen bana sinatzeko. Ongi hasi dira koaliziokideak, ezin elkarrekin arituta! Kalkuluak egiteari ekin diot. Goizeko 06:35eko trena hartuko zuen Esparzak. Agian, une horretan gurutzatzen ari ginen bidean. Bestela joan ez bada. Nik behintzat goizean goizeko tren hori hartuko nuen, Kongresura garaiz iristea ahalbidetuko ziona, baita oinez joanda ere.

Bat-batean kontrako norabideko trenean nago. Hor dago Javier Esparza jauna, trajedun bi gizon lagun dituela. Urduri ematen du. Eta prentsan ematen duen irudiaz bestelakoa. Ia agurtzeko gogoa sartu zait. Edo bihotz ematekoa. Irudipena dut tren osoan bakarra naizela nor den eta zertara doan dakiena. Ohartu naiz dagoeneko ez naizela hor. Etorkizunetik so ote nagoen galdetu diot neure buruari. Gero eta urrutiagotik ikusten dut Javiertxo, irrelebantziarako bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.