Angel Erro.
JIRA

Merkatua da, amigo

2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Thomas Cook enpresa bidaia-antolatzaile handiaren bezero britainiarren artean seguruenik egonen da estatuaren esku hartzea gaitzesten dutenetarik, merkatuak bere burua erregulatu egiten duela esaten dutenetarik, neoliberal baten bat, baina lepoa jarriko nuke haietako inork ez diola, koherentziaz, uko eginen, konpainiak krak egin ondoren, Londresko gobernuak bere herritarrak aberriratzeko antolatu dituen hegazkinei, irtenbide publiko horri, berez, bere ideologiaren kontra joan arren. Misterio bat da zergatik gertatzen den horrela. Dagoenean bon-bon. Osasun sistema publikoaren kontra bereak eta asto beltzarenak esan eta egin ondoren, gero, beharrenean, hara jotzen dute, murriztu edo are deuseztatu nahi duten zerbitzu publikoak erabiltzera. Ez esan ez zaizula kasuren bat bururatzen. Inork ezagutzen du neoliberal kontsekuente edo neokontsekuenterik? Kontrakoa askoz ohikoagoa da. Egon badago zergapekoen diruaz baino bizi ez denik. Ez gutxi.

Ariketa interesgarria da irudikatzea merkatu librearen aldeko erretolika botatzen diguten horietako zenbatek erosiko zuten bere poltsikoz itzuliko billetea, estatuak abian jarritako erreskateari uko eginda. Bada, beti da horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.