Angel Erro.
JIRA

Jaitsigailua

2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Descalzos kaleko igogailutik jende tropeltxoa atera da, burumakur. Beti harrigarria da hain toki txikian hainbeste lagun sartu ahal izatea. Estutasunetik aske, baina oraindik larri irteten dira lerroan. Laster ulertu dut larritasunaren zioa. Kutxatik ateratzen azkenetarikoa agure bat da, belaunaldietan zehar Iruñerritik kanpoko odolik gabea ematen duena, jator itxurakoa, Alde Zaharrera emaztearekin buelta bat edo mandatuak egitera doazen horietakoa. Aurreko norbaiti zuzentzen zaio: «Todos los extranjeros lleváis en la cabeza eso. Parecéis...». Jendea sakabanatzen doa.

Ez nintzen ohartua lehenago ateratakoen artean zapidunik zegoen. Ez dit arreta handirik deitzen, gutxiago langileen auzo batetik etorrita. Igogailuan igo naiz beste gizon adintsu batekin batera. Isilik goaz behera. Bestea ez dakit, ni lotsatuta. Ultraeskuinaren presentzia mediatikoa ez da inoiz alferrikakoa. Nork uste izanen zuen Iruñerriko agure ertain prototipiko bat etorkinak jazartzen lotsagabetuko zenik?

Behean, igogailuaren zain, haur eskola bateko ume ilara koloretsua. Euskaraz ari dira. Beste gizonak, andaluziar azentuarekin, zoriondu ditu andereñoak hain ongi hezita izateagatik. Bihotza zertxobait altxatuago sentitu naiz une batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.