Angel Erro.
JIRA

Aizkolarien alde

2019ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Gaur astebete, ia oharkabean, ongi nola adierazi ez nekien susmoa formulatu nuen pilotariekiko dudan temaz galdetu zidatenean jendaurrean. Beharbada pilotariak ez dira nik hasieran uste eta haiek elkarrizketetan aditzera eman bezain epikureo eta bizitzaren atsegin txikiez gozatu zaleak. Joseba Ezkurdiaren elkarrizketa bat leituz, lerro artean ulertu uste nuen presio handiari aurre egiteko estrategia psikologikoa izan daitekeela, ez dituztela coaching-etako txarla ongi asimilatu gabeak berritu besterik egiten, beretu dituztelakoan, kantxara gozatzera ez beste ezertara ateratzen direla esaten dutenean.

Aurkikuntza horrek eragin didan hutsune existentziala betetzera etorri da Iker Vicente aizkolariaren elkarrizketa apal eta tolesgabe bat, argazki antzeratsuaz lagundutakoa. Erantzunetan ez da Vicente (jokalekuan) gozatzeaz mintzo. Gauez non ibiltzen den, zer sare sozial erabiltzen duen, ligatzeaz baizik. «Aizkorak aldatu behar du kirol modernoa izanen bada», dio. Argazkian, sorbalda biluziaren gainean, erakusten duen aizkorak hiru hitz idatzita dauzka, iradokitzaile, ingelesezko, zentzumenak kitzikatzen dituztenak: Aussie, Speed eta Axe. Berak ez daki, baina aldaketa bat gertatu da. Gutxienez nigan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.