Angel Erro.
JIRA

Izana ukatu

2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Bestearen izana ukatzea hari eskubideak ukatzeko lehen urratsa da. Ikusten ez duguna ez da existitzen. Errazagoa da aurpegiari begiratu gabe hiltzea. Tiroa garondoan eman ohi da. Asteartean Madrilgo kongresuan Oskar Matutek hitz egin bitartean, Voxeko diputatuak altxatu eta atera dira (horrek dakarkien arriskuarekin; EH Bilduk ultraeskuina erakundeetatik kanpo mantentzeko alderdirik eraginkorrena dela ikusaraz baitezake). Adolfo Suarez Illanak bizkarra eman dio ezker abertzaleko hizlariari, askok ume txiki baten kasketarekin konparatu duten jarreran (nire lagun batek dioenez, ohera afaldu gabe bidaltzeko gogoa ematen zuen). Umeek askotan darabilte estrategia hori, bestea ukatzearena, bere burua baieztatu nahian. Baina ez dira astearteko inbestiduran ikusi genituen bestearen izana ukatzeko ahalegin bakarrak. Garcia Adanero UPNko diputatuak, azkenaldian maiz ikusten den joera berretsiz, EAJri ukatu zion nafartasuna eta nafarrak ordezkatzeko legitimazioa: «EAJk ez du Nafarroan botorik». Logika berarekin UPNk ere ez luke Nafarroan botorik beste koalizio baten barruan aurkeztu baita bozetara. Berdin zaie. «Inork ez du nahi Nafarroa Euskadi izaterik», gehitu zuen. Zenbat nafar ez garen existitzen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.