Angel Erro.
JIRA

Atzean utzi murruaz

2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Iritzia ematera dedikatzen den bat ezin da maiz egon ni gaur nagoen atakan, ez dakidala zer pentsatu Frantzisko Bergogliok homosexualen arteko bikote zibilak osatzearen alde egin omen dituen adierazpenen aurrean. Denetarik entzun dut, ez zuzenean hitzak (estreinatzear dagoen berari buruzko film dokumental batean esan baititu), hitzen oihartzuna eta oihartzunaren oihartzuna baizik hedatu orduko. Egia da, hainbatek diotenez, berandu datozela hitzak eta ez direla ausartegiak ere. Egia da, oso litekeena da filma aupatzeko asmoz puztu dituztela gero entzutean apalagoak eta epelagoak irudituko zaizkigun adierazpenak, berehala atzerapauso dialektiko batekin hoztuko dituenak, alde batekoak eta bestekoak kontentatzeko mendeetako ahaleginean, aurreratze sentsazioa ematen duen immobilismoan jarraitzeko. Egia da, elizgizon baten esanak ez du guk maitasuna nola bizi dugun baldintzatzen. Maitasuna eta sexua, noski. Hori guztia egia da. Baina, halere, zerbait bada. Arrakala bat askok atzean utzi dugun murru handi eta gotor baten zurruntasunean. Hortik atera eta haren moralaz askatu izanak ez du esan nahi munduko jende askorengan eragina ez duenik eta alde horretatik pozik egoteko motibo bat ez denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.