Angel Erro.
JIRA

Gogaitu

2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Bitxia da aspertzearekin lotura duen aditz hau: gogaitu. Lehen bulkada sasifilologikoa izan dut gogo ahitua ez ote duen barnean. Errazegia iritzita, duda egin dut ez ote den gogai hitzetik etorriko (alegia, pentsamendu edo ideia). Bigarren aukera (ez dakit posibleago) honek gogoetatsu utzi nau, aspertzeak eta gogoeta egiteak duten loturez.

Kasualitatez poeta hedonista baten memoriak leitzen ari naiz egunotan. Atal batean kontatzen du maitale gazteago bat oporretan eraman zuela hotel garesti batera. «Ibilbide luzeak egiten genituen kostalde ez bikainegi horretan, goizetan piszinan egoten ginen campariak edanez eta arratsaldeetan hirira joaten ginen edo gelaren balkoian aspertzen ginen. Esana nion udaldien luxuaren zati ez txiki bat datzala hain zuzen gauzak egiteari uztean, nork bere ohiko erritmoa geldiaraztean, tarte batez (liburuak eta konpainia atsegina gorabehera) gogaitzean».

Inbidia sentitu dut, ez bost izarreko hotel batean egoteagatik, asperdurari luxua irizteagatik baizik. Behe klasekook gogaitzen gaitu asperdurak. Oporretan ere. Hala irakatsi digute. Eskuragai ez dugun eta laga nahi ez diguten bizio bakarretakoa. Agian beregain pentsatzeko eta ideiak garatzeko, alegia, gogaitzeko, arriskuagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.