Angel Erro.
JIRA

Negua joan da ta

2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Aste honetan zehazki 25 ordu eta 9 minutu eman ditut edo emanen ditut (ez da pista gehiegirik eman behar) Euskal Herrian, eta, gizon zuhurra naizenez gero, eguraldi iragarpena kontsultatu dut. Berehala topatu dut egunotan negualdia hasi behar duelako oharra. Ulertu dut mezua: neguak eguraldi txarra esan nahi du, hotza, haizetea, are euria ere, udazkenean egon arren eta udazkenekoari dagokion ohiko eguraldia horixe izan arren. Ulertu dut dagoeneko badakidalako negu hitza aspaldidanik ez dela urtaro hutsa, beste zerbait baizik. Metafora bat, edo zuzenean egun eguzkitsua ez den beste edozer. Tronu Dema-ren «Winter is coming» esaldi ospetsuak honetan sakondu besterik ez du egin.

Neguak utzi dio baita eguraldiarekin zerikusirik duen zerbaiti erreferentzia egiteari ere. Klima aldaketak ekarriko duen etorkizun asaldagarri (bezain beroago) horri, esaterako, bikain aplika dakioke «negua hurbil da» esaldi apokaliptikoa.

Garai batean sutan jarriko ninduen hitzaren erabilera horrek. Zutabe hau izan daiteke su haren txingar hoztuen lekukoa. Negua metafora hutsa izatearekin etsi dut. Berez, ez da poeta baten ametsa? Aukera, beraz, aprobetxatuko dut Aiora Renteriak Negua joan da ta berriz abestu ahal izatea desiratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.