Angel Erro.
JIRA

Lagun berrizalea

2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Lagun berrizale bat dut. Zirikatu nahi dudanean taberna zaharren bateratripakiak edo bestelako barrukiakjatera joateko proposatzea aski dut. Nazka aurpegia jartzen du berak, baina, susmoa dut, ez hainbeste erraiak gustuko ez dituelako, modan daudela inon irakurri ez duelako baizik. Momentuz nahiago izaten du Iruñean egunetik egunera irekitzen dituzten jatetxe exotikoetan hitzordu jartzea, ramen edo ceviche baten aurrean. Perutar batean egon ginen azkeneko aldian, mendekuz, anticucho eskatu nuen biontzako.

Ni, berriz, konbentzituta nago etorkizuna (eta are balizko salbazioa ere) iraganeko kontuetan dagoela, zeinak erremediorik gabe galduta gaudela esan nahi baitu. Itxaropenik ez. Leitu dut, Cambridgeko ikerlan baten arabera, astean egun batez haragia jateari utziko bagenio (esaterako, ostiraletan), karbono isurpenak nabarmenki murriztuko zirela. Hots, gure arbaso katolikoen haratuztea. Gaueko trenak ere berreskuratu nahi omen dituzte, hegazkinaren erabilera gehiegizkoaren aurrean. Hortaz egon nintzaion hizketan, bihotz broxeta bana sabeleratu bitartean.

Une batean nostalgikoa deitu zidan, ez dakit esku diruz ordaindu nahi izateagatik ala euskara batuaren aldeko agertzeagatik. Badaki mina nola egin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.