Angel Erro.
JIRA

'Bootloop'

2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Orain hiru egun ikasi dut ingelesezko hitz hori zer den, lehen eskutik ikasi ere. Nire mutilaren sakelakoan pantaila arraro bat agertu zen, bi aukera baino eskaintzen ez zituena: telefonoari reset egitea, barneko guztia galduta, ala berrabiaraztea; behin bigarren aukera hartuta, aurreko pantaila makur berera eramaten zintuen, bi aukera tranpatiak berriz eskainita: reset egitea ala berrabiatzea. Interneten bilatuta horri bootloop, berrabiatze begizta, deitzen zaiola jakin dut. Filosofatzen hasteko gogoa sortzen duen izena. Zeren azkenean zer da bizitza, edo zer da historia? Urte hasieran gaude eta horrek ere ez al du berrabiatze begizta sentsazioa indartzen? Dietak, beherapenak, estatu kolpe hooligandarrak, lanera itzuli beharra, koronabirusaren aldaera berria...

Azkenean argazki, informazio eta aplikazio guztiak sakrifikatu behar izan genituen, hiruzpalau telefono dendatara jo ondoren, alferrik, konponbide bila. Nik, ustez trebeagoa bainaiz, egin nion berreskurapen lan astuna. Hura ere alferrik. Gaur sakelakoa galdu du garraio publikoan, edo lapurtu diote. Mugikor berria erosi eta guztia berriz ezarri beharko diot, berrabiatze begizta betean ez gaudelako irudipena gezurtatzen lagunduko ez duen enegarren emanaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.