JIRA

Nostalgia

Angel Erro -

2018ko uztailak 28
Gazte jendea tarteka nostalgiko jartzen da. Nire adintsuko batek honako hau bota du: «Nire belaunaldikoek ezin izanen dugu inoiz behar bezala eskertu gure nerabezaroan sare sozialik ez egotea». Beste batek, sare sozial berean, erantzun dio: «Hori heterosexual batek baino ezin du esan». Bizitza errealean maiz izan dut sentsazio bera. Nostalgia batzuk orduko pribilegiatuek baizik ezin dituzte izan. Gehienetan, noski, ez dira ohartzen. Hogei urte ongi paseak zituela bere sexu aukera bereko jendea ezagutzen hasi zenak nekez faltetsiko du sare sozialik gabeko nerabezaroa, nerabe ustez zoriontsua izan arren. Hogeigarren mendea ongi aurreraturik, tratamendu mediko eraginkorra izan ez duen gaixotasunak jotakoak ezin dio beste garai batean bizitzeko fantasiari luze eutsi. Gizartearen erdiak, emakumeak, nekez hartu ditzake iraganik iraultzaileenaren oroiminak, zimikorik gabe.

Kontuz zure nostalgiak zer zaituen salatzen.

Iraganean (edo iragan mitiko batean) girotuta dauden oraingo telesail askok emakumezko pertsonaia indartsuak (edo gay harreman argiak) agertzen dituzte. Sentimendu kontrajarriak ditut: emakumeak orain ahalduntzeko balio du, baina baita historiaren gordina zuritzeko ere, nostalgikoak biderkatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna